Bizkaiko Foru Aldundia - Diputación Foral de Bizkaia

Erakusketak

Egunekoak

Mikel Lertxundi

2019ko uztailaren 18tik urriaren 13ra

Komisarioa: Mikel Onandia

Orekaren bila Mikel Lertxundi eskultoreak azken hiru hamarkadetan garatu duen unibertso plastikoa aurkezten duen erakusketa antologikoa da, hogeita hamar bat obren aukeraketa bat. Ohiko atzera begirako bati erantzun gabe, erakusketak artistaren ikerketaren ildo nagusiak azaltzen ditu, lengoaia heldu eta identifikagarri bat transmititu zuen laurogeigarren hamarkadaren hasierako lehenengo adibideetatik hasi eta bere azkenengo obretara arte; horien artean, Rekalde Aretorako beren-beregi egin diren bost eskultura aurkeztuko dira.

Lertxundik bere ibilbide guztian helburu argi bat izan du: artearen bidez eta hiru aldaeretatik abiatuta (lurra, espazioa eta denbora) naturaren esentzia bilatzea. Oso gaztetatik, mendi harritsuetatik, basoetatik eta industrialdeetatik egiten zituen ibilaldietan zehar, Berriatuako artista materialetan, ingurunean eta paisaietan bilatzen zituen arrastoak interpretatzen hasi zen, inguruaren ahotsa entzuteko asmoarekin.

Eskultoreak harria, egurra eta burdina aurkitu ostean definitu zuen bere adierazteko modua. Hiru material horiek, hain zuzen ere, euskal tradizio kulturalean oso sustraiturik dauden materialak dira eta naturaren ikuspegi pertsonal bat osatzen dute, material bakoitzari hurbilen dituen elementuak esleitzen baitizkio: harriak urari uzten dio lekua, burdinak sua hartzen du eta egurrak babesa eskaintzen dio haizeari.

Material bakoitzaren eskakizunei erantzunez, Lertxundik aldatu eta ñabartzen dituen oinarrizko egitura geometrikoak erabiltzen ditu, minimalismoaren serietatik aldenduz, bere esentziara iristeko eta konbinazioak eta espazio plastiko partikularrak sortzeko bide gisa. Hiru gorputz, bananduak, konektatuak, bakoitza bere izaerarekin, espazioarekin hitz egiten dute moderatzaile gisa. Batzuetan, beren artean bananduak egon ohi dira, elkarri begira; beste batzuetan, elkarri eusten diote, askotariko akoplamenduetan; kuboetan, hiru materialak lotuta agertzen dira, trinkotuta, eta horrek bere osagarritasuna indartzen du eta desberdinen arteko batasuna definitzen du.

Bestalde, irudiek eskulturen tamainek bi dimentsioetan, monumentuespazioan eta denboraz kanpoko atmosferetan eragin ditzaketen sentsazioak aztertzen dituzte. Eta memoriaren kaxak ikusle bakoitzak ikusi eta itxi behar dituen elementuen edukiontzietan jasotzen dira. Pieza guztiek mataza bakarra osatzen dute: hizkuntza eskultoriko, garbi, soil eta irmo bat, tokikoa eta unibertsala.

Irmotasun materialetik eta soiltasun formaletik eratortzen den tonu existentzialista eta soiltasun formala direla eta, geldiro begietsi eta gozatu behar da. Begirada, ukimena, sentimendua, hausnarketa. Bien bitartean, behin betiko oreka ezinezkoa dela susmatzen duen arren, Mikel Lertxundik naturaren baitan dagoen ezkutuko harmoniaren –poesia– bilaketaren baitan jarraitzen du lanean.

ARTISTA

Mikel Lertxundik (Berriatua, 1951) banakako hainbat erakusketa egin ditu, estatu mailan zein nazioartean. Horien artean, honako erakusketa hauek nabarmentzen dira: San Telmo Museokoa (Donostia, 1988), Bonnat Museokoa (Baiona, 1989), Orgelfabrik Durlach (Karlsruhe, Alemania, 1993), Lichthof des Alten Rathauses (Pforzheim, Alemania, 1993), Adriana Schmidt Galeriakoa (Colonia, Alemania, 1998), BBK Aretokoa (Bilbo, 2000), Orekaren bila (Zenarruza Monasterioa, 2007), Natura eta oreka (ARENATZarte eskultura parkea, Güeñes, 2009), Perspectiva y escala (Kur Galeria, Donostia, 2014) eta Composiciones (Juan Manuel Lumbreras Galeria, Bilbo eta Luis Burgos Galeria, Madrid, 2011). 2019an, Loraldia jaialdiaren baitan, tamaina handiko eskulturak erakutsi zituen Bilboko zazpi puntu desberdinetan, Elkarketak izenburupean.

Taldekako erakusketei dagokienez, honako hauetan hartu du parte: Ertibil (1984), Gure Artea (1989), La memoria de los lugares (Getariko Museoa, 1991), Entre el objeto y el arte (Vanguardia Galeria, Bilbo, 1992), NICAF (Tokio, Japonia, 1995), FIA (Caracas, Venezuela, 1999), ART MIAMI (2002), ARCO (1999-2002) eta Encuentro Europeo de Escultura (Montauban, Frantzia, 2005), KIAF (Seul, Hego Korea, 2008) eta Euskal zizelkariak Donibane Lohizunen, (2018).

Horietaz gain, hainbat eskultura publiko eta esku-hartze artistiko egin ditu naturan, esate baterako, Orekatik bizia (Ondarroa, 1994), Joan-etorrian (Itsas pasealekua, Zarautz, 1997) eta Toparri (Royal Victoria Country Park. Netley, Hampshire, Inglaterra, 1997), Orekaren atea (Sobrellanoko Jauregiko parkea, Comillas, Kantabria, 2004), Begirada (El Soplaoko koben parkea, Kantabria, 2007), Elkarrentzat (Durango, 2007), Aisureta gunea (Aulestia, 2009) Lurreko (Azurmendi, Larrabetzu, 2012) eta Hiruko (Ziortza-Bolibar, 2015). Artistaren Lertxundi, euskaradun arte unibertsala liburuak Eusko Jaurlaritzaren Euskadi saria irabazi zuen 1989an.



Irudiak