2011ko martxoaren 03tik maiatzaren 15era
Aipatutako lana: Luis Buñuel. Un chien andalou (Txakur andaluziar bat), 1929
Filmoteca Española-ren laguntzarekin
Komisarioa: Iñaki Álvarez
ESTALTZEA IKUSTEKO edo Begi Alferra da Marina Núñez artistak Rekalde Aretoan aurkezten duen banakako erakusketaren izenburua. Lanean, bideoak, pinturak eta infografiak daude, eta barne hartzen da 1993. urtean egindako hasierako lanetik orain dela gutxi sortu den eta lehenengo aldiz erakusten den Desintegración lana egin arteko denboraldi osoa. Gainera, erakusketan Luis Buñuelen Un chien andalou (Txakur andaluziar bat), filma dago ikusgai (1929). Erakusketako lan erreferentziala eta katalizatzailea da, eta haren tesia ikusmenaren inguruan eraikita dago.
ESTALTZEA IKUSTEKO edo Begi Alferra terminoak, lehenik eta behin, oftalmologiaren esparrura eramaten gaitu, eta begi baten ikusmena pizteko osasuntsu dagoen begia ezkutatzea ematen du aditzera. Lanean, berriz, esanahi hori era metaforikoan lekualdatzen da Marina Núñez-en lanera, Aragoiko zinemagilearen filma oinarritzat hartuta.
Txakur andaluziar bat filmeko lehenengo eszenan, bizar-xafla batek emakume baten begia ebakitzen du, ikusmeneko errealitate eta pertzepzio berrietara zabaltzeko. Marinaren bideoetan eta pinturetan, berriz, begi horiek ñir-ñir egiten dute, ugaltzen dira Multiplicidad (2006) lanean, begitarteetan handitzen dira edo barrunbe abisaletatik irteten dira Visión 1 eta Visión 2 (2007) lanetan. Era askotako begiradak proposatzen dituzte mundu eta errealitate aldakorra eta konplexua ikusteko. Begirada horiek, azken batean, ez dira itxuretara mugatzen; askatasunerako bideak zabaltzen dituzte, nortasuna eraikitzeko prozesuan, eta ekonomia murriztailetik askatzen dute nia.
Era horretan, artistak bere lanetan zabaltzen duen unibertsoan, irudi eta mundu kezkagarriak agertzen dira, errealitate berri eta aldi berean bitxia bada ere familiar batera eramaten gaituzten irudiak eta munduak. Errealitate beste horretan sortzen diren gorputz mutanteek beren buruetan hazitako tramankulu astunak eramaten dituzte herrestan Ingenio (2010) lanean, edo beldurgabe kulunkatzen dira paisaia oniriko bateko magman Ocaso (2007) lanean. Mutazio horiek ere badute lotura zientzia-fikzioak Marinarengan pizten duen interesarekin. Era berean, gune horretan, trantsizioan dauden emakumezkoen gorputzak bizi dira; eta gorputz horiei erraboil bitxiak sortzen zaizkie Sin título (ciencia ficción) (2010) lanean, edo beren buruak errepikatzen dituzte mugarik gabe ugarituz Sin título (monstruas) (2006) lanean.
Eta Marina Núñez-en lanean hainbatetan emakumeen bidez irudikatzen den eromena Sin título (locura) (1996) lanean dagoeneko ez da hori. Ez da kontzientziaren egoera alienatu bat, gizarteak desberdina den aldetik estigmatizatzen eta baztertzen duena. Aitzitik, emakume horiek haien heterodoxia erakusten dute, beren gehiegikeriaren eta askapenaren bidez.
Bestalde, Marina Núñez-en sormen-lanek jaso nahi dute pertsonak bere izatea nola eraikitzen duen, zentzumenen eta gehienbat ikusmenaren bidez, eta arrazoimena edo sinesmenak baino askoz ere gehiago erabilita. Ildo horretan, pentsamendu kontzientetik harantz dagoen mundu misteriotsu eta ezezagunak surrealistengan pizten zuen interesa jaso du. Hala ere, bere kezkak arrazoia-inkontzientea dikotomiaren gainean daude, eta nortasunaren adierazpen guztiak baliagarritzat eta interesgarritzat hartzen ditu, baita nahasiak, higuingarriak edo munstrokeriazkoak direnak ere.
Nortasun anizkun hori kanpoaldearekin uztartzeko eta etengabe eraldatzeko prozesuek egituratzen dute Marinaren lanen atzera begirako erakusketa hau, eta bidaia berezia eratzen dute barnealdeko izakiaren bilakaeran barrena.
Gaur egun Marina Núñez (Palentzia, 1966) pinturako irakasle titularra da Pontevedrako Arte Ederren Fakultatean. Bere belaunaldiko artisten artean, bera da aintzatespen gehien jaso duena, ibilbide luzea du egina erakusketen arloan, eta hainbat katalogotan eta artisten liburutan parte hartu du. Banakako azken erakusketen artean, honako hauek nabarmenduko ditugu: Valentziako Centre del Carme zentroan eta Sao Pauloko Instituto Cervantes-en (2010), Leongo MUSAC-en (2009), Lleidako Centre dArt la Panera-n eta Burgoseko katedralaren beheko klaustroan (2008) egindakoak. Bere obra estatuko eta nazioarteko museo, arte-zentro eta fundazioetako bildumarik garrantzitsuenetan sartuta dago.