Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - Diputación Foral

Jarduerak

Aurreko ebentuak

GONBIDATU BEREZIA. Hitzaldien zikloa

2008ko otsailaren 28an, 19:00etan

Gonbidatuak: Frederique Bergholtz eta Annie Fletcher

Antolatzen ditugun erakusketak eta jarduerak hobeto osatze aldera, orain, rekalde aretoan, GONBIDATU BEREZIA izeneko zikloa jarriko dugu abian. Hitzaldien ziklo horretan, kultura garaikideko teorialariek eta artistek gaur egungo jarduera artistikoak aztertuko dituzte, gogoetarako eta irakaskuntzarako gune batean egongo balira bezala. Bilera bakoitzean, jarduera zehatz bat hartuko dugu oinarritzat –hala arte- edo komisario-jarduerak, nola jarduera teorikoak–, eta, horrenbestez, gaur egungo artearen esparruan dauden alderdi edo prozesu garrantzitsu batzuk sakonago aztertuko ditugu. Hortaz, bada, ikusleekin eta entzuleekin batera partekatu nahi ditugu obra garaikidearen esanahia eratzen duen tresna kontzeptualak. Era berean, ekimenaren bidez, ideia horien atzetik dauden egileak nabarmendu eta agerian jarri nahi ditugu, eta, horrela, harreman zabala eta irekia izan nahi dugu ikusleekin.

Lehenengo hitzaldian, honako hauek izango dira gonbidatuak: Frederique Bergholtz eta Annie Fletcher. Biak ala biak Amsterdamen bizi dira, eta bertan lan egiten dute. Bien artean If I Can't Dance, I Don't Want To Be Part Of Your Revolution izeneko plataforma zuzentzen dute. Komisario-proiektu horren bidez, performancearen eta performanceak arte garaikidearen barruan dituen tipologia desberdinen bilakaera ikertzen dute. Proiektu hori 2005. urtean jarri zuten abian, Utrecht-eko Werf, Hertogenbosh-eko Theaterfestival Boulevard eta Leiden-go VeenFabriek antzerki-jaialdien ekimen paralelo gisa. Lehenengo edizioan, taldeak sakon ikertu zituen antzerki-izaera eta eszenaratzea bezalako kontzeptuak, eta enkargua egin zien hainbat artistari obra berriak egin zitzaten berariaz antzerki-izaerakoa zen testuinguru baterako. Bigarren edizioan, berriz, feministek arte garaikidearen barruan utzi duten legatua izan zen proiektuaren ardatza, eta, hala, legatu hori jarduera preformatiboen bidez ikertu zuten. Hitzaldian, Frederique-ek eta Annie-k proiektuaren bilakaeraren berri emango digute.

Aurten, 2008ko abenduaren 18tik aurrera, rekalde aretoaren Kabinete Abstraktua izango da If I Can´t Dance, I Don’t Want to Be Part Of Your Revolution plataformaren edizio berriaren kokapena; eta honako hau izango da ekoizpen berriaren izena: Alienaziotik harantz: komunitate berri baterantz. Programa hori Europako hainbat instituzioren, unibertsitateren eta museoren artean egindako baterako ekoizpena da; besteak beste, honako hauek daude tartean: De Appel (Amsterdam), Overgaden Institut (Kopenhage), Projects Art Centre (Dublin), Van Abbemuseum (Eindhoven) eta Rekalde Aretoa (Bilbo).

Hitzaldi hau Rekalde Aretoak heziketa lantzeko xedez, era askotako ikusleei zuzentzen dizkien hitzaldien barruan dago. Hitzaldira etortzen diren ikasleek orduak batu ahal izango dituzte EHUko Arte Ederren Fakultateko hautapen askeko kreditu bat lortzeko.


www.ificantdance.org


Beste ebentuak