Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - DiputaciĆ³n Foral

Erakusketak

Egunekoak

Isabel Garay

2017ko otsailaren 10etik ekainaren 04ra

• Rekalde Aretoak Isabel Garayren (Muskiz, Bizkaia, 1946 – Santander, 2016) atzera begirako erakusketa aurkezten du. Erakusketa honetan, artistaren lau hamarkadako produkzioa jasotzen da, hots, laurogeiko hamarkadatik iazko urtera artekoa. 

 
• Isabel Garayren ibilbidea ereduzkoa da. 80ko hamarkadako buztin erregogorrezko eskulturetatik 2000ko lehen hamarkadako aluminiozko eta beirazko modulu birkonbinagarrietara, artista beti aritu izan da eskultura eta pintura alorretan esperimentatzen, bere aurrerabide guztiak maisutasun osoz landuz.

 
• Funtsean eskulturagile legez ezaguna izan arren, marrazkigintzak eta paper gaineko pinturak erritmo berezia eman diote haren bizitza osoari: arkatzez egindako marrazkiak, pastel-marrazkiak, haren serieetako bariazioak aurretiaz prestatu zituzten marrazkiak, paisaien pastel-marrazkiak eta, azken batean, abstrakzio formaletik datozen pastel-pintura handiak, haren konposizio modularren oihartzunekin bat datozenak.

 
• Erakusketa honetan, 40 bat obra aurki ditzakegu, hots, eskulturak eta paper gaineko lanak. Horiek guztiak erakusketa honetarako beren beregi argitaratu den katalogoan bildurik daude, Isabel Garayren lanean aditua den Hubert Besacier irakasle eta komisario frantsesaren testuekin.

Isabel Garayk 40 urte baino zertxobait handiagoa den epealdian landu zuen bere arte-ibilbidea. Hala ere, haren eskulturgintzak 80ko hamarkadan jadetsi zuen erabateko heldutasuna. Hastapenetan, buztin erregogorrezko figurak modelatzen jarduten zuen, eta, pixkanaka-pixkanaka, figurok irudi antropomorfikoak izatetik (1985-1987) arkitektura-formak edukitzera pasatu ziren; ondorik, irudiak geometrikoago eta abstraktuago bilakatuz joan ziren (1988-1989), corten altzairu deritzon material berria baliatuz.

1990. urtean, zeharo funtsezko mutazio erabakiorra gertatu zen: seriean egindako eskultura modularrari dagokion kontzeptua. Barras y estrellas seriearekin, artistak dimentsio eta forma bereko buztinezko moduluak eta altzairuzko moduluak konbinatu zituen, halako moldez non horrek aukera eman baitzion mihiztadurak nahita biderkatzen eta elementuak beste horrenbeste sekuentziatan berrantolatzen.

Sobre triángulos seriearekin (1991), terrakota elementua txerto huts bilakatzen da altzairuzko moduluen konposizioetan, eta erabat desagertzen da Génesis izeneko obratik aurrera (1995).

Aire armado (Aire armado I, 1993, Aire armado II, 1994) serieetarako, burdin armatuz egituratzen diren moduluak agerian ertzak baino ez dituzten lauki hutsak dira, eskulturari lurra bertan behera utzi eta espazioan eraikuntzak sortzeko aukera eskainiz.

Fugas (1995) seriean, Isabel Garayk burdin armatua erabiltzen jarraitu zuen, baina lanon azala zilarrez edo urregorriz tratatzeko utzi zuen, aldi berean pintura eta eskultura gogorarazten diguten obrak egituratze aldera.

Ordura arte, kolorea materialaren kolore bera zen (altzairu herdoildua edo buztin egosia), eta argia bolumenak nabarmenarazteko baino ez zen erabiltzen. Lehenago aluminio anodizatu edo leundura jotzen duen serieetatik (Módulo y materia, 2000) eta ondoren beira koloreztatuzko moduluetatik (Aluminio y vidrio, 2012, Color y forma, 2014) abiatuz, argia eskulturaren osagai bilakatzen da.

Urte guzti hauetan zehar, Isabel Garayk ez zituen marrazkigintza eta pintura alde batera laga, eta arlo horretan figurazioa eta zorroztasun minimalista zeharo menderatu zituen. Garay Bizkaitik (Bizkaian jaio baitzen) Kantabriara (Kantabrian bizi baitzen) doan lurraldeari sendokiro loturik egon zen, eta etengabe marraztu zituen hango paisaiak.

Haren pastel-pinturen azken seriean (El cielo y su geometría, 2012-2014), Atlantikoko zeruaren kolore eta mugimendu aldakorrak atzitzen jardun zuen, ondorik kolore horiek zeharo konposizio geometrikoetan berrantolatzen diren diptikoaren bigarren atala irudikatuz.Ulertzeko modukoa da, hortaz, obra hauek koloretako beira baliatzen duten lan-segidarekin erkatuz gero, Isabel Garayk, bere arte-ibilbidearen amaiera aldera, pinturaren arloko jardueren eta eskulturaren alorrean egin zuen bilatze-lanaren arteko koherentzia bikaina aurkitu izana.

Atzera begirako erakusketa batek bizitza baten sorrera azaldu behar duela eta sormen hori egitura osoa dela hartu behar dugu kontuan; halaber, baina, laurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, serieak modu paraleloan taxutzen dira eta, zenbait aldiz, haren moduluak eurek euretara konbinatzen dira. Horrenbestez, nahiago izan dugu obraren ikuspegi sintetikoa eskaintzearen aukera egin, ibilbide kronologikoari dagokiona barik, aldi berean haren aberastasuna eta haren barneko logika transmititu ahal izateko.

Hubert Besacier

ARTISTA

60ko hamarkadaren hasieran Aníbal Garcíaren babesarekin margolari izateko prestatu ostean, entseguak egin zituen harrizko eta zurezko eskulturekin, 1977an Miguel Vázquezen tailerrean buztin egosiarekin praktikatzen hasi aurretik. Pinturarekiko interesik galdu gabe, modelatzen eta tenperatura altuan buztina egosten ikasi zuen ongi. Haren lanekin osatutako lehenengo erakusketa Esculturas izenekoa izan zen, 1981eko urtarrilean Santanderko Museo de Bellas Artes izan zenaren barruan hartuta.

Ordutik aurrera, denboran zehar hainbat eta hainbat erakusketa egin zituen. Banako erakusketei dagokienez, besteak beste, aipatzeko moduko erakustoki asko daude: Marcelino Botín Fundazioa (Santander, 1985), Edurne Galeria (Madril), Nicolás Piñole Museoa, (Gijón, 1986), Jesús Otero Fundazioa (Santillana del Mar, Kantabria, 1998) eta, azkena, Santander eta Kantabriako Arte Moderno eta Garaikidearen Museoa (2016). Talde erakusketei doakienez, ondokook azpimarra ditzakegu: Punto de partida. Arte en Cantabria 1980-1990, (Sobrellano Jauregia, Comillas, Kantabria, 1995), Outra mirada (Santiago de Compostelan lehenago, eta ondoren erakusketa ibiltaria Galizian eta Portugalen zehar, 1999) eta Escultura en Cantabria (Marcelino Botín Fundazioa, Santander, 2000); horrezaz gainera, haren obra maiz erakutsi izan da arte garaikideko azoka nazionaletan eta nazioartekoetan.