Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - DiputaciĆ³n Foral

Argitalpenak

Katalogoak

Marina Núñez

ESTALTZEA IKUSTEKO edo "Begi Alferra"

Iñaki Álvarez-en textuak

128 orr.

15 €

ESTALTZEA IKUSTEKO edo "Begi Alferra"

"Amets bat izan zen zalantzarik gabe, edo
begiak ernai ikusi al nuen benetan Psyche,
jainkosa hegalduna?"
Oda Psyche-ri, John Keats (1)


Denboran barrena, begia, ikusmena, etengabe azaldu da adierazpen
artistiko guztietan. Antzina-antzinatik, jainkoek, mitoek, begi handiak
zituzten, eta begi horiek boterea ematen zieten –babesteko eta suntsitzeko
boterea–, eta betiereko bizitza izateko geroko eskubidea ere bai.
Mendebaldeko kultura osoak dar-dar egin du "hirugarren begia"
deitutakoaren aurrean, zigorraren eta guztiahaltasunaren ordezkaritza gorena
baita begi hori.
Alabaina, Marina Núñez-ek eskaintzen digun boterearen erakustaldia ez
da maila goreneko batena edo Jainkoarena, baizik eta gizakiarena berarena,
eta, hortaz, izaki guztiena. Gizakientzat, ikusmena, hau da, kanpoaldeko
munduarekin lotzen eta harremanetan jartzen gaituen funtsezko zentzua,
neutrala da, bizitzatik ezin berezizkoa, arnasketaren hara-hona edo beste
edozein pultsio edota funtzio fisiologiko bezala.
Begiak harrapatzen du, baina, era berean, harrapatutakoa itzultzen du,
bumeran batek egiten duen moduan. Ez dago geldialdirik, ez interpretaziorik;
ez dago mintzairarik, emozioa eta erreberberazioa dago; ez dago erantzunik,
bizitzaren kontzientzia dago. Begia ugaritu egiten da munduarekin lotzeko eta
ikusten duena erreproduzitzeko, iragazkirik gabe, galbahe mentalik gabe. Haur
baten gisa egiteko, araztasunez eta harridurez, dilemarik sortu ordez dena Bat
delako ziurtasuna dakarren kontraesanez: hala, jakintsua eskalea da, eroa
zuhurra.
Tao-k honela adierazten du: "Itsustasuna azaltzen da, denek uste baitute
edertasuna ederra dela. Ona ez dena azaltzen da, denek uste baitute
ontasuna ona dela"(2).
Giza portaera zikiratzen eta epaitzen duen hirugarren begi hori ez bezala,
begi-niniak ugaritu egiten dira kliska bakoitzean, ikusmenezko esperientzia
berri bakoitzean, eta etenik gabe eramaten gaituzte psikearen
askatasunerantz. Askatasun hori ez da aztergai arrazionala edo interpretatiboa
–hori baita psikoanalisiaren ardatz nagusia–; aitzitik, elkargune bat da,
ametsen, irudipenen, agerikoa ez denaren, beldurren eta kontraesanen,
minaren eta maitasunaren, eta ukigaiaren eta ikusezinaren elkargunea.
Begi horren kokapena bera ere aldatu da, ez baitago bekokiaren erdian.
Aitzitik, Bataille-ren (3) begi pinealak bezala, garunaren goialdetik, kosmoserantz
jotzen du, hedatzeko, elkar eragiteko, unibertsaltasuna lortzeko, eta azken
batean beti izan denarekin urtzeko asmoz.
Multiplicidad (2006) bideoan, Marina Núñez-ek aurkezten digun begiak
kliska egiten duen bakoitzean, Unibertsoa mugitzen da, eta, harekin batera,
hamaika irudipen abstraktu eta egiazko sortzen dira aldi berean. Horiek berriz
erreproduzitzen eta irensten dira, fagozitatze moduko zera batean, eta horrek
izatearen nortasuna, psikea, arima eta gorputz-materia bera elikatzen eta
eraikitzen du, ibilbidean barrena bere mapa prestatzen duen izaki aske eta
bakar gisa.

AIPATUTAKO LANA. Un chien andalou (Txakur andaluziar bat), 1929

André Breton-en iritziz, hitzak eta sintaxia zehaztu gabe, Luis Buñuel-en
Txakur andaluziar bat lana zinemagintzako surrealismoaren adibide betegina
da. Lagungarria izan da Espainiako abangoardian mugimendu hori ezartzeko,
arlo askotan ezartzeko gainera, ez bakarrik zineman.
Dalí-k eta Buñuel-ek partekatu zituzten bi ametsen arteko elkargunea da
filma. Ametsak gidoi batean garatu zituzten gero; sei egun besterik ez zuten
behar izan horretarako. Buñuel-en ametsean,"hodei batek ilargia mozten
zuen, eta, bitartean, labana batek begi bat ebakitzen zuen". Dalí-ren
ametsean, berriz, "txindurriz betetako esku bat agertzen zen.
Irrazionaltasunak lilura pizten zuen Buñuel-engan. Hala, Pariseko Billancourt
estudioetan filmatzeari ekin zion, eta hamabost egunetan bukatu zuen.
Breton-en eta Buñuel-en poetarik kutunena zen Benjamin Péret-ek
esaten zuenez, berak poemak idazten zituen "doministiku egiten den
moduan", beti prest amets egiteko eta bere inkontzienteari mintzatzen
uzteko. Ez da harritzekoa, beraz, Buñuel "etengabe" gogoratzea Péret-ez,
filma egin zuen bitartean, Buster Keaton komedia-antzezleaz gogoratzen zen
bezala, nahitaezkoa baita dibertsioa eta absurdoa nahastea, irribarrea eta
mina, umore beltz anarkikoko koadroak osatuz.
Era bikainean astintzen eta iraultzen dira zimendurik sakonenak, eta
amaiera ematen zaio arrazoiaren geldierari. Filmak aurreko tradizio
errealistarekiko betiko haustura bultzatzen du, adierazpide tradizionalak
gainditu nahi ditu. Haustura horrek eragin nabarmena izan du geroko
zuzendari handiengan. Aski da David Lynch aipatzea, denbora aldetik hurbil
samar dugu-eta. Nolabait esan daiteke Lynch, bere hastapenetan, behintzat,
sinboloetatik libre zegoela, Buñuel bezala; eta halaxe frogatu zuen bere lehen
film luzean Eraserhead (1977) izenekoan, "amets baten barruan dagoen
ametsa" den horretan.
Txakur andaluziar bat lanera itzulita, begiaren ebaketa azaltzen duen
hasierako irudia, oldarkorra da oso, kanpoaldearekin dugun harremanik
sakonena moztea baitakar ondorioz. Alabaina, zerbaiten sorrera agintzen eta
iragartzen du, eta zera hori berria (nahiz eta honezkero existitu), desberdina,
irudikatua, freskoa (baina, hala ere, bihurria), eta adierazezina eta zoragarria
(hau da, ezin azalduzkoa edo magikoa) den zerbaiten babeslea da.
Handik urtebetera, Jean Cocteau-k magia horixe eskaini zigun Le sang
d'un poète
(1930) lanean. Gizonaren eskuaren bitartez, bizitza ematen zaio
estatua babesgabe bati eta, horrenbestez, arnas egiteko jatorrizko ekintza bere
egin aurretik, existentziara esnatzen diren begi batzuk sortzen dira estatuan.
Urratzea, sendatzeko. Antzina, odol-ateratze sendagarriak egitean
bezalaxe, Buñuelek hasiera emateko mozten du. Ebaketatik, izerdi berria
zabalduko da; sarritan, urradura ezinbestekoa da garbitzeko-birsortzeko.
Baina birsortzeko bideak ez dira beti onargarriak. Gogora ekar dezagun,
denboran barrena mugituz berriz ere, Stanley Kubrick-en A Clockwork Orange
(1971) filma –Anthony Burgess-ek 1962an idatzitako izen bereko eleberrian
oinarritutakoa–. Film horretan, operadore demiurgiko gisa, 114 seruma eta
izuaren behaketa –tortura-tresna konplexuak baliatuz begiak irekitzeko–
erabiltzen dira Alex librantza eta aldaketara zuzentzeko. Ahalegin alferrikako
horren bidez, norbanakoaren askatasuna ezabatu nahi da, gizartearen
ongizatearen mesedetan, haren borondatea menderatu nahi da, ongi eta
gaizki jokatzearen artean hautatzeko erabakimena kendu nahi da, eta, horrela,
ezarritako ordenan integratzea proposatzen da.
Aitzitik, Marina Núñez-en Sin título (locura) (2006) olio-pinturan, bi begi
handien bereizketak –itxuraz mingarria denak– etengabeko birsorkuntzak
dakarren itxaropenera garamatza, ez ezerk ez inork ezin geldiaraz dezakeen
itxaropenera. Urruntasunetik begi-nini berriak agertzen dira, handituz joaten
dira, eta hurbilago dauden horien ondo-ondoan jartzen dira. Begirada berri
horiek, ilun eta zingiratsuena den alderditik iritsita, hurbilen eta familiarrena
den alde horrekin jartzen dira harremanetan, eta nortasun berria eratzen dute
dinamikoki. Hortxe gailentzen da norbanakoa.
Buñuelek erakusten digun begiaren ebaketa ikusi ondoren, ezerk ez du
lehen bezala iraungo, ezezaguna den zerbaiten barruan sartu gara, unibertso
kezkagarri eta kitzikagarri batean. Inoiz ez gara lehen bezalakoxeak izango. Nibestearekin
konektatzea, ideiak jariatzen eta ametsak hegaldatzen uztea, hori
ez da nahitaez errealitatetik abiatzea. Zer da errealitatea? Pierre Reverdy
poetaren hitzetan, "ezin da interpretatu". Kontua da ezarritako ordena
zalantzan jartzea. Ez dago esanahi monokorderik ekintza bakoitzerako. Dalí-k
"haririk gabeko irudimena"(4) deitu zion, eta gero artikulu batean aipatu eta
zera esan zuen: "Ametsetan nekez hautsi ahal dena, mutilazio erabatekoa
erakutsiz hausten da… Ezin nahas daitekeena, oharkabe trukatzen da"(5).
Has gaitezen…

BENETAKOAREN KONSUBSTANTZIALITATEA: TREPETA GEHIAGORIK EZ

Gaur egunera arte iraun du mendeetako gatazka batek, hitzaren eta
zentzuaren artean, instintuaren eta arrazoiaren artean, emozioaren eta
analisiaren artean dagoen gatazkak. Gatazka hori arazo bat da, eta hainbat
bide erabiliz konpondu nahi izan da, hurrenez hurren, sinesmenak, erlijioak
eta/edo sistema politiko-filosofikoak baliatuz. Bide horiek guztiek amaigabeko
erantzunak eta teoria desberdinak azaldu dituzte. Hala, erantzun batek
aurrekoa ezeztatzen eta ordezkatzen du, eta horrek ere horixe bera egingo du
ondorengoarekin. Desilusioz eta ziurgabetasunez beteriko kiribil amaigabe
horretan, gizakiak galdu egingo du bere zentzumenen ikuspegi immanentea,
eta arriskuan egongo da, bere espiritua eta nortasuna itotzen dituzten letren,
ideien eta pentsamenduen magman nahasteko eta urtzeko arriskuan.
Gizarte integratzailea, adiera bakarreko alfabetoaren eta definizio zurrunen
sortzailea da, izan ere, kontzeptu berdin, zatiezin eta zurrunen barruan
estutzen gaituena. Hori gorabehera, tunel ilun horretan barrena, mintzatzeko
beharrik gabe ulertu eta ikusi ahal izan genuen murgilduko gintuen misterioa
eta haren aurkikuntza ahalegin ikaragarria eta kitzikagarria izango zela, eta
bakan batzuk baizik ez zirela ausartuko erronka hori onartzera.
Badirudi baietz esaten diotela erronka horri Marina Núñez-ek uteroko
harpe barruan taupadaka erakusten dizkigun enbrioi-begiek, kanpoaldera
ateratzeko zain-adi daudela, Visión (1) eta Visión (2) (2007) bideoetan.
Zentzumenetatik ezin berezizkoa, oraindik ez da jaio mintzairaren amarrua:
ikurren batura, denentzat gauza bera nahi duen makinaren engranajean
ziurtasun gabe dagoen gizonaren sorkuntza. Adierazlearen osotasunak dena
blaitu nahi izango du, baina, hala ere, niaren eta bestearen esentzia ez da
ulergarriagoa izango. Nork jakingo du tresna horiek erabiltzen, eta zeren
izenean egingo du? Ondo ezarritako hitzen lorategi horretan datza ikusteko
zentzumen gorena, esperimentatzeko zorionaren xedea.
Hala ere, kontua ez litzateke izango hizkuntza ezabatzea, baizik eta
adierazgarria izan ez dadin lortzea. Baliabide bat gehiago izan dadin, ez ditzan
zehaztu kategoria saihestezinak, haietatik kanpo egonik norbanakoa dohainik
gabekoa dela eta existentziatik at dagoela sentituko baitu.
"Dena da ona adierazgarria ez den hizkuntzarentzat: continuum
formagabea den aldetik bere euskarriarekin edo substantziarekin axolarik ez
duen hizkuntza honetan, ez dago toki abantailatsua betetzen duen fluxu
fonikorik, grafikorik, keinuzkorik; fluxu elektrikoa antzeko beste edozein
fluxuren errealizazioa dela har daiteke"(6).
Gizon primitiboak ondo ezagutzen zuen fluxu elektriko horrekin, jatorrizko
energiarekin zegoen oinarrizko lotura hori; erritoan eta magian ez zegoen
taburik; gaur egun hainbeste izutzen gaituzten izatearen adierazpideak
goreneko mailakoak ziren, eta gorputza eta haren korrelatuak onartzen ziren,
errai horiek berezko indarra zuten eta lehentasunezko tokia betetzen zuten.
(Ikusi, hala ere, adibidez, gaur egun xamanaren astinaldiek nahasmendu
psikosomatiko edo beste nahasmendu zehatz batzuen antza dutela).
Marina Núñez-en pertsonaiak etsi-etsian saiatuko dira iniziazioko
fluxuarekin lotura duten begi horiek berriz txertatzeko, gorputzaz biluztuta eta
itxuraz jaberik gabe airetik dabiltzan begiak, hala nola, Sin título (ciencia
ficción)
(1998) lanean agertzen direnak.
Gaur ere, ikusmen gehiago duen samaldako lagun horrek, desberdina
denak, sekula ere ez ditu onartuko mintzairak sortutako arau murriztaileak.
Bere bestelakotasuna erakutsiko du, eta ez dio oztoporik jarriko bere
zentzumenei. Egia esan, ziurrena, ausardia horren ondorioz, garesti ordaindu
beharko du; bere izatearen adierazpena "gaixotasun" edo "deformazio"
bihurtuko da. Berdin dio "integratutakoek" zein etiketa jartzen dieten ezin
duten horiei, batez ere hitz egin nahi ez duten horiei, banakako mikro
erresistentzia horren bidez (Foucault-en modura esanda), isilean protesta
egiten dutenei.
Mailako bat-etortzeren bat onargarria edo baliagarria balitz, beharbada
asko "ero" edo "deformatu" –hau da, forma desberdinekoa– deitutakoen
aldean jarriko lirateke, ezartzen diguten horretatik harantz ikusten duten
horiek.
Marina Núñez-ek toki zabala uzten die horiei bere obran. Ikus dezagun,
bestela, Sin título (locura) (2007) izeneko margolana. Bertan, emakume baten
begitartea agertzen da, badirudi "Aski da!" oihukatzen ari dela, ahalegin
handiak egiten ari dela, erditze mingarri moduko zera batean bezala, azalera
ekarri ahal izateko bere benetako begi-niniak, bere benetako begirada,
denbora luzez azalaren geruza lodien azpian ezkutatuta egon dena.
Badirudi artistak norabidea aldatu duela, eta hasieran aipatutako kiribil
horretatik atera dela, gainetik dantzatuz, pertsonaia guztiekin obra osorik
antzeztuz, uher samarrak diren azaleretatik irristatzen diren gogoaren
meandroak gordez. Gizarte-konbentzio-sistema ingurunean izua-lotsa eragin
ahal duen hori normalizatzen da, eta, hala, eragin-trukea egon daiteke (oso
desiragarria den utopia). Izate osoa irudikatzen du, bere baitan dagoen alde
makurra, kezkagarria dena behartua ez den era batean. Badirudi nahitaezko
ondorioa dela, aurkako guztien arteko trantsizio leuna eta zuzena.
Judith Butler-ek honela esaten du: "Galdetzen dut ea kasu honetan
arrunta dena ez ote den eratu arrunta ez den horren ekoizpenaren bidez,
arruntasunetik kanpo dagoen, barrutik erasotzen duen, osotasunari erronka
botatzen dion horren ekoizpenaren bidez"(7).
Bestelakotasun horri lotzen zaio Marina; enpatia hori, mugek murriztuta
geratzera, bazterrean geratzera amore eman beharrean, etengabe aldatzen ari
den biderkatutako nortasun bilakatzen da. Geldiera baztertzen da, eta
dinamika dator ondoren.
Eta, orduan, sekretua, arkanoa gure egongela erosoan kokatzen da, eta,
egunerokotasun prosaikoaren erdian, gure gogoak ezin asmatuzko ibilbideak
ikusten ditu lausoki, erdi ezkutatuta dauden irudipenak, zain ditugun
unibertsoak. Sin título (siniestro) (1993) laneko gela familiarra eta onirikoa da.
"Nik askoz gehiago sinesten dut sekretuan, hau da, faltsua denak duen
indarrean, zehaztasun eta egiaren sinesmen negargarri baten lekukotasuna
ematen duten kontakizunetan baino"(8).
Beste mundura egindako bidaiak dira, Lovecraft-ek ohiz kanpoko eran
aipatzen dizkigunak. Berak ametsaren, eromenaren, haurren munduaren eta
unibertso primitibo numinosoaren artean aurkeztu zuen nortasunera
eramaten gaituzte.
Randolph Carter-ek galdu zuen ametsen ateko giltza berreskuratu izan
bagenu bezalako zerbait da:
"Errealitateko gauzei kateatuta utzi zuten, eta gero gauza horien
funtzionamendua azaldu zioten, harik eta misterio guztiak mundutik
desagertu ziren arte"(9).
"Era horretan, Carter-ek ahaleginak egin zituen gainerakoek egindakoa
egiteko, saiatu zen bere burua konbentzitzen, bizitza arrunteko gertakariak eta
emozioak garrantzitsuagoak zirela esperimenturik fin eta dotoreenetako
fantasiak baino"(10).
Zorionez, giltza berreskuratu zuen, eta ateetatik igaro zen. Eguna joan eta
eguna etorri, giltza hori lapurtzen dute edo galtzen da, gure izate anizkuna
azpiratu eta/edo lotu egiten dute, zabal finkatuta dauden eta mundu osoan
onartuta dauden sistemak baliatuz. Jarri arreta, adibidez, metodo
psikoanalitikoak erabiltzen dituen kategoria totalizatzaileetan, edota nortasun
"desberdina" deitutakoaren inguruan sortu diren estereotipoetan.
Hortaz, itxaropena ematen du Marina bezalako norbaitek barneko
biderkatze hori islatu eta jaso dezan, epaitu gabe, kontzeptu zurrunduen
sistema hori berrikus dezan, eta zentzumenak itzul ditzan merezi duten eta
sekula utzi behar ez zuten lekura.
Egia esan, lan gogorra da, lehenago inoiz ez baitugu eskura eduki
hainbeste informazio, nahiz eta argitasun gutxirekin erabilitako informazioa
izan. Informazio hori harlauza bat bezain astuna da, bere buruaz ihesi dabilen
izaki alderrai bilakatzen du norbanakoa, ezin irentsi dezakeen eta aurrera
egitea galarazten dion zama bat daraman izaki. Hala, gogoa organo ikaragarri
handia da, eta zapaldu egiten ditu gainerako organo guztiak, prozesamenduan
metatutako gorputz-jariakin guztiak. Ingenio: Inés, Carmen y Ángeles (ciencia
ficción)
(2010) bideoko emakumeak mugimendu hori egiten saiatzen dira,
baina ezin dute gainditu makina pentsalaria, mendeetako background-a.
Gorputzak metamorfosatu nahi du, organo hustutzaile eta birsortzaile bihurtu
nahi du, beharrezkoa ez den guztia baztertzeko. Samintasunez oroitzen ditu
bere funtzio fisiologikoak, bere izate naturala.
Gainera, birsortzeko lan hori bizi garen mundu honetan jarri behar da
abian. Eta mundu honetan, eskizofrenia izugarria nabarmentzen da, alde
batetik, aldaketa teknologiko harrigarri eta zorabiagarrien bidez (eta Internet
da ordezkaririk handiena), hala edozein faltsutze egin baitaiteke, eta, itxuraz,
edozein bizitza izan baitaiteke bizitzeko modukoa; bestetik, ideia
baztertzaileen bidez nabarmentzen da, eta, horren ondorioz, definizioko
banakako ikur orok beldurra eragiten dute, eta, beraz, ezeztatu behar dira.
Artea izango litzateke kontzientzia eta ihesbide bakarra, ez asmakuntzaren
zentzuan, mintzairan bezala, baizik eta Marinak irudikatu duenaren moduan.
Horrek aukera uzten digu arnas egiteko eta azaleratzeko, ozeanotik azaltzeko,
zailtasunak gorabehera –ikusi Ocaso (ciencia ficción), 2007–. Ur lohitsuan
erroak sartuta dituen lotoaren antzera, zentzumen-begi birsortuekin, ideiarik
ez duen baina asmoak, bizitzeko borondatearekiko loturak dituen buru batean
(Schopenhauer-ek adierazitako zentzuan: naturaren gainerako atalen pultsioa
bezala). Bestela talde handiaren ur zurrunbilotsuek irentsi egingo gaituzte.
Ordurako ezin izango dugu aipatu –gure nortasun anizkun-mutanteari
aurre ez egiteko– forma-era batekoa edo bestekoa garela. Milaka jariakin
dabiltza azalaren muga horietatik-horien barrutik, adierazteko borroka eginez.
Deleuze-k honelaxe dio: "Ez dugu gehiago pentsatuko zuhaitz moduan.
Belarraren kontrakoa, hain zuzen; izan ere, belarra, gauzen erdian hazteaz
gain, bera ere erditik hazten da"(11).
Suntsituta dagoen ideien baso horren erdian, belar berriak hazten dira
birsortzen ari diren gorputz femeninoen barruan; eta belar horiek ez dute
errorik botako, ugaldu egingo dira –Sin título (ciencia ficción) infografia, 2010–.
Ez dezagun egia ukatu, kiribila berriz errepikatuko da, baina beti egongo
dira itsasargiak, lotura lortzeko gida bakarrak, bete gabeko lurraldeak, aurkitu
beharreko harpeak. Fikzioa egiazko bilakatuko da, eta egiazkoa dena, berriz,
irudizko. Bateratzerik beteginena gure ondoan egon zen beti, biratu baizik ez
genuen egin behar bera aurkitzeko.
Marina Núñez-en lanari egindako hurbilpen hau amaitzeko, guztiz fina den
liburu baten amaiera paratu nahi dugu, oihan honetan bizirik irauteko
benetako eskuliburua baita hori, eta niri begiak ireki baitzizkidan beste
errealitate batzuk ikus nitzan:
"Egin errizoma eta ez errorik! Ez landatu inoiz! Ez erein, pika ezazue! Ez
izan bat, ez anizkun, izan zaitezte aniztasun! Egin lerroa eta sekula ere ez
puntua! Abiadurak lerro bilakatzen du puntua! Izan zaitezte bizkorrak, lekutik
aldatu gabe ere bai! Zoriaren lerroa, aldaka-lerroa, ihes-lerroa. Ez sorrarazi
Jeneral bat zuen artean! Egin mapak eta ez argazki edo marrazkirik! Izan
zaitezte Pantera Arrosa, eta zuen amodioak izan daitezela liztorraren eta
orkidearen, katuaren eta babuinoaren antzekoak!"(12).

1.- John Keats. Poesía Completa. Arturo Sánchez-en itzulpena. Libros Río Nuevo. Bartzelona, 1975-1976,
II liburuki.
2.- Lao Tse. Tao Te Ching. RBA. Bartzelona, 2002.
3.- Georges Bataille. El ojo pineal y Otros escritos. Pre-textos. Valentzia, 1997.
4.- Dalí-k 1912. urteko Literatura Futuristaren Manifestu Teknikotik jasotako kontsigna.
5.- Salvador Dalí: "Realidad y sobrerrealidad". La Gaceta Literaria-n argitaratua, Madril, 1928.
6.- Gilles Deleuze eta Félix Guattari. El anti Edipo. Capitalismo y esquizofrenia. Paidós. Madril, 1985.
7.- Elisabeth Beck-Genhheim, Judith Butler eta Lydia Puigvert. Mujeres y Transformaciones sociales. Edit.
El Roure. Colección apertura, 2001.
8.- Gilles Deleuze. Conversaciones. Pre-textos. Valentzia, 1995.
9.- H.P. Lovecraft. Viajes al otro mundo. Ciclo de Aventuras Oníricas de Randolph Carter: La llave de plata.
Alianza, 1993.
10.- Ibidem.
11.- Gilles Deleuze. Op Cit., 1995.
12.- Gilles Deleuze, Félix Guattari. Rizoma (sarrera). Pre-Textos. Valentzia, 1977.