Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - DiputaciĆ³n Foral

Erakusketak

Egunekoak

Fernando Villena

2013ko otsailaren 26tik apirilaren 14ra

Rekalde Aretoak Fernando Villena (Bilbao, 1974) artistaren erakusketa aurkezten du barriek 2013 programa barruan. Programa honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Sorkuntza Artistikorako Bekak lortu dituzten artisten artean hautatutako batzuen lanak aurkeztuko ditu.

Erakusketak, azken lau urteotan Estatu Batuak eta Europa artean landu dituen argazkiak eta pinturak batzen ditu.

Natura eta honen erlazioa gizkaiarekin izango da Villenaren lanaren abiapuntua.

ERAKUSKETA

Funtsezkoa dena ikusezina da begietarako.

Fernando Villenak badaki ondo bereizten mendi baten hegalean hautematen den berdearen gama osoa. Berde-urdin koloreko zerrenda batek eukaliptoak daudela adierazten digu. Ilunagoa den berde batek pinuak eta haritzak nabarmentzen ditu. Bizkaiko barrualdetik elkarrekin egin genituen ibilaldietako batean, artistak zehatz aipatu zigun landarediak eratzen duen orban berdearen eta zuhaitzen lerroaren gainetik azaltzen diren garo iharren kolore arrearen artean dagoen trantsizioa. Ikusten ari garen jolas kromatikoa erabat aldatzen da hodei batek eguzkia estaltzen duenean. Itzalean, irudiak kontrastea galtzen du. Hala ere, hodeiei esker, hainbat tonu urdin ikusiko ditugu zeruan, eta more-koloreko marrak eta okre hori arin bat ere bai.

Margolaria ohituta dago koloreak, formak eta tamainak sailkatzen. Naturatik ibiltzean izan dituen iritziak ondo islatuta geratzen dira estudioan margotzen dituen margolanetan. Hiru kolore primarioak –gorria, horia eta urdina– nahastuz, eta zuria eta beltza gaineratuz, ikusi dituen eta gogoan gordeta dituen tinduak berregitea lortzen du. Batzuetan, aurrez fabrikatutako pigmentuak sartzen ditu, ustekabean eskuratutakoak, adibidez, margolan batzuetan nabaritzen den urre-kolorea, baina horiek arauari egindako salbuespenak dira. Alboetatik azaltzen diren zerrendak eta irudia zeharka gurutzatzen duten forma organikoak dira bere bereizgarriak. Ikusmenak era automatikoan antolatzen ditu osagai horiek, pixkanaka urruntzen diren eta sakontasunaren ideia iradokitzen diguten geruzetan. Irekiduretatik ikustatzen den gunea areago luzatzen da, orri edo margolanaren azaleratik harantz. Villenaren lana ulertzeko, artistak Estatu Batuekin josi duen loturaren berri jakin behar da. 2001. urtean Euskal Herriko Unibertsitatean lizentziatu ondoren, artistak Manhattanera jo zuen, New Yorkeko School of Visual Arts eskolan ikasten jarraitzeko. Ordurako margolari abstraktua zen. Inguruneak bultzatuta, esperimentazioan hasi zen, forma arkitektonikoen arkitektonikoen dekonstrukzioan. Ildo hori landu zuen, harik eta, Puerto Ricon izandako egonaldi batean, ohartu zen arte naturak gehiago pizten zuela bere jakin-mina hiriak baino. Oihan tropikalez inguratuta, ohartu zen erreferentziako neurri erlatiboa dela giza eskala. Beste aipamen batzuk ere badaude. Ordutik aurrera, natura maila mikroskopioan eta makroskopioan behatzeari ekin zion, eta normalean aintzat hartzen ez ditugun formak lortu zituen.

Hurrengo bidaietan, munduan dauden alderdi naturalik ikusgarrienetako batzuetatik ibili zen. Margolaria Colorado ibaiaren Arroila Handian, Yelowstonen eta Utahko basamortuan barrena ibili da, eta basamortu horretan pueblo indioek sortutako haitzetako artea ikusi zuen. Nevadan bristlecone ikusi zuen, iraun handiko pinu-mota bat, 5.000 urte betetzera hel daitekeena. Muturreko egoeretan izan ondoren, Villenak bizi-bizi gogoratzen du zero azpiko 28˚C zeudela kanpatuta egon zeneko gaua, eta, lo-zaku barruan abaro hartuta, nola entzuten zuen elurraren karraska, dendaren inguruan zokomiran zebiltzan animalien oinatzen azpian. Berak argi eta garbi du: naturak dagokizun tokian jartzen zaitu. Hiriak oinarrizko bulkada batzuk moteltzen ditu, eta, bere ustez, bulkada horiek ezinbestez berreskuratu behar ditugu gure ongizatea hobetzeko. Bere lanek gizona bere sorterriarekin bateratu nahi dute.

Argazkirik gabe ia ezinezkoa da irudikatzea harrigarriro hain askotarikoak diren paisaia horien ikusgarritasuna. Villenaren margolanetan sumatzen den geruzen egitura hauteman daiteke irudi hauetan ere. Beti dago espazioa antolatzen duen mendi, zuhaitz edo kaktus bat. Mendien siluetek gogora ekartzen dizkigute berak batzuetan norabide bertikalean jartzen dituen zerrendak. Egunsentiak, forma harkaiztsuak eta elur-malutak, osagai horiek guztiak agertzen dira lanean. Bizkaiko barrualdea ikusi ondoren, ez nau harritzen ikuspegi zabalik ez egoteak, azalera lauetan eta itsasertzean ikusten diren horien moduko ikuspegirik. Euskal Herriko paisaia menditsua oztopo naturalez beterik dago, eta horiek galarazi egiten digute beste aldean zer dagoen ikustea. Itsasoak berak ere uhin izugarriak sortzen ditu. Funtsezkoa dena ikusezina izaten da beti begietarako. Villenaren lanak gonbit egiten digu zerumugatik harantz, aukeren unibertsoa dagoen lekuan zer dagoen ikus dezagun.


Bianca Visser

ARTISTA www.fernandovillena.es

Fernando Villena (Bilbo, 1974) Arte Ederretan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatetik 2001. urtean eta, gero, New Yorkeko School of Visual Arts eskolan osatu zuen bere prestakuntza.  Erakusketa askotan hartu du parte, banaka eta taldeka, hala estatuan nola nazioartean; besteak beste, hauek nabarmenduko ditugu: Andy Warhol Foundation for the Visual Arts-ek bultzatuta Central Utah Art Center-en (AEB, 2011) eta Ministerio de Asuntos Exteriores de Españak sustatuta (Aecid) Museo de San Juanen (Puerto Rico, 2008) egindako banakako erakusketak; eta Arco (Madril, 2005-2009) eta School of Visual Arts (NY, 2002) eskolan egindako taldeko erakusketak.
Horrez gain, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ikusmen Arteetako Beka eskuratu du hainbat aldiz, eta Bilbao Arte, Rogaland Kunstsenter (Norvegia) eta Birch Creek Residency, Utah (USA) egoitza-bekak ere lortu ditu.
Bere lana hainbat instituzioren bildumatan agertzen da, esate baterako, Coca-Cola Fundazioaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilbao Arteren bildumetan.



Irudiak