Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - DiputaciĆ³n Foral

Erakusketak

Egunekoak

Endika Basaguren

Borrar las huellas de la memoria

2019ko martxoaren 12tik maiatzaren 05era

Rekalde Aretoak Endika Basaguren (Bilbao, 1978) artistaren erakusketa aurkezten du barriek 2019 programa barruan. Programa honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Sorkuntza Artistikorako Bekak lortu dituzten artisten artean hautatutako batzuen lanak aurkeztuko ditu.

Henri Michauxek artista definitzeko esaten zuen aztarnarik ez uzteko bultzadari aurre egiten diona dela. Eta, egia esan, gaur egun inoiz baino eragin gehiago dauka kulturan arrasto bat marraztearen sukarrak. Horren adibideak dira Facebook  edo Instagram eta esperientzia guztiak frogatzeko gauza den arrastoa uzteari lotutako hauen obsesioa. Facebook  Beuysen ametsaren “denok gara artistak”  eta Oscar Wilderen jarreraren “edozer izan daiteke artea” nahasketa da. Agian une hauetan  kezkagarriena arrastoa uzteari uko egitean egon daiteke, artista arrasto edo aztarna horien ezabatzaile bihurtuz.

Nire proposamena ezabatzaile moduan jardutearena da hain zuzen (ere), nire obraren eta iraganaren suntsitzaile moduan, ekintza horrek “naizena” definituko duen obra berria sor dezan. Kontua da artistek beti izan dutela suntsitzeko irrika, sortzailea osatzen duena. Zerbait berria sortzeko aurrez zegoena suntsitu behar da. Arte berria aurrekoaren suntsipena da.

Suntsituz sortu egin daitekeela  baieztapenaren eredurik behinena Rauschenberg  da. Erased de Kooning Drawing (1953) lanarekin, artearen munduan ospe itzelekoa zen beste pieza baten suntsipenetik sortutako lehen obra burutu  zuen. Ezabapenetik sortutakoa eta ez gehikuntzatik.
Ostean beste artista batzuk izan dira antzera lan egin dutenak. Fluxus taldea, Wolf Vostell eta bere decollageak edo Valerie Hegarty artista garaikidea, bere serie ezagunenean pazientzia handiz iraganeko arte lanen kopiak egin ostean, obra horiei tortura izugarriak aplikatzen dizkiona, erre egiten ditu, tirokatu, sastatu, etab.

Artisten ekintza  “suntsitzaile” horiek guztiak iraganeko artearekin hausteko egin dira, artearen historiari buruz hausnartzeko, baina nire kasuan haustura hori nire obrarekikoa eta historiarekikoa da. Ildo horretatik, nire lanaren zati handia suntsitzen dut; gutxi gora behera sei urtetan egindako lana, beti ezkutuan gordetzen ditudan obrak alegia, agian orduan izan nintzena ukatzeko. Kontua da ez naizela etapa/obra horrekin identifikatzen, obra egiterakoan falta zitzaizkidan kontzientzia eta argitasunaren ondorioz.

Obra hau erreta suntsitzea beste performance batzuetan ere egin dut eta bideo eta argazkietan dokumentatuta dago. Hemen aurkezten den obra garatzeko erabili ditudan bitarteko eta baliabide bakarrak prozesu horren emaitzako errautsak eta suntsipenaren hondarrak izan dira (aglutinatzaile, medium, pigmentu eta abarrekin batera): antropometria, autorretratuak, mantxak eta abarren serie bat, guztiak ere oroimen pertsonaletan oinarrituta, berriz ere  nire historia eta oroimenarekin  adiskidetzeko.

Ezinezkoa da gure iragana osorik ezabatzea; gure oroimenak burura ekartzeak errealitateari zentzua emateko eta gure identitate pertsonala berresteko balio du. Emilio Lledó filosofoaren hitzetan, “izatea, funtsean, oroimena izatean datza, koherentzia-era bat aurkitzean, garenaren, izan nahi dugunaren eta izan ginenaren arteko loturan”.

Endika Basaguren



Irudiak