Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - DiputaciĆ³n Foral

Erakusketak

Egunekoak

José María Álvarez

BILBAO MENDI FILM FESTIVAL 2016

2016ko azaroaren 29tik 2017ko otsailaren 05era

Bilbao Mendi Film Festival IX. edizioaren barne Rekalde Aretoak José María Álvarezen (El Bierzo, León, 1955) Olas de hielo erakusketa aurkezten du.

Islandiako paisaiak erakarrita, 2002ko uztailean J.M. Álvarez uhartearen hegoaldean dauden Mýrdalsjökull eta Vatnajökull glaziarretan zehar ibili zen. Izotz-landa hauek lehenengo aldiz ikusteak eragin zion ustegabeak astinduta, “eta izuarekin nahastutako lasaitasunez” (Edmund Burke), argazki-proiektu hau eraikiz joan zen.

Formen handitasunaren eta erraldoitasunaren aurrean, Álvarezek kontenplazioaren naretasuna sustatzen du eta alboko morrenek eragiten duten erliebearen zimurtasunaren xehekapenak lantzen ditu nagusiki, glaziarraren indarra eta egitura telurikoa islatuz. Materiaren isiltasuna fotografiatzen du, eta irudi garaikideen ugaltzearen, barreiaduraren, eraldatzearen eta mutazioaren kontrastea den ikuspegi intelektuala proposatzen du.

Artistak, mendiko argazki hauetan eta, oro har, bere obra osoan, argazki-hartualdi bakarraren eta ondoko esku-hartzerik ezaren neurritasuna finkatu nahi du. Argazkilaritza tradizionalean aritzen da soil-soilik, eta bere burua aski duen artisautzako lanaren bidez argazkilaritzako prozesuaren maisutza erakusten du; izan ere, proiektu honen irudiak zuri-beltzezko eta positibo-positibo Ilfochrome, lehen Cibachrome izenez ezagutzen zen kolore-sistemaren teknika esperimentalen bitartez eraiki dira.

9. Bilbao Mendi Film Festival dela eta, hamalau urte geroago, lortutako irudien kopiak egin ditu J.M. Álvarezek. Horrela, Izotz-uhinak obrak, igarotako bizipen gertatu berri baten begiradaren ukituarekin, barne-behaketa pertsonalerako bide bilakarazi du Islandiako lurralde hau, hots, norberaren barne-lurraldea konkistatzeko bide. Begirada berri honek modu idealean bateratzen ditu forma eta espiritua, ikerketa artistikoa eta bere historia pertsonala.

Irudi hauen batasunak eta harmoniak izotzezko paisaia hauen presentzia eta jakituria erakusten dizkigute, orain aurkikuntza estetiko bilakaturik, osotasunaren begiekin begiratu behar dugun ikuspegi sentikorraren paisaia, alegia.

ARTISTA

José María Álvarez (El Bierzo, 1955). Bilbon bizi da eta bertan ari da lanean. Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako doktorea da (UPV/EHU, 1996), eta bere sormen-proiektuak argazkilaritzaren irakaskuntzarekin konbinatzen ditu.


Eskultore-prestakuntza jaso zuen, eta 1992. urtean Land Art mugimendua utzi zuen, argazkilaritza tradizionalari eutsiz. Artistaren arte-asmoak zehazki islatzen dituzten irudiak Poéticas del paisaje trilogian jasotzen dira, Bassarai Ediciones argitaletxearen eskutik: Itxina. Paisajes de Luz (2004), Flysch. La orilla devuelta (2006) eta Faber (2009).

Haren obrak ingurune naturalaren, lurraldearen eta gizakion ekintzen gaineko hausnar-lanak dira, haren azken proiektuetan ikus daitezkeenak: Formas agrarias en Tierra de Campos, Gaztela-Leonen zehar dabilen erakusketa ibiltaria; La tierra herida (Photomuseum, Zarautz); Otro lugar de encuentros (Leongo Grajal de Camposeko jauregia); Dibujando el mundo, City Views erakusketa kolektiboa (Isabel II kanala, Madril) eta Faber (CDAN -Centro de Arte y Naturaleza-, Huesca). Haren azken lana, Laguna de Valdemorco, Palentziako Díaz Caneja Fundazioan erakutsi da.