Bizkaiko Foru Aldundia - Diputación Foral de Bizkaia

Erakusketak

Aurrekoak

Ana Riaño

RRSS Le Monochrome

2016ko irailaren 06tik urriaren 30era

Rekalde Aretoak, Ana Riaño artistaren erakusketa aurkezten digu Kabinete Abstraktuan, barriek 2016 programaren barruan. Programa horren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak sorkuntza artistikorako ematen dituen bekak jaso dituzten artisten lanak ematen dira ezagutzera.

ERAKUSKETA

Sare Sozialak proiektuan bi fenomeno ezberdinen uztartzea aztertu nahi dut. Lehena artistaren nortasuna eraikitzea da. Posmodernitatea azaldu zenetik eta transabangoardien ondoren, artistaren nortasuna, obra, artearen mundua eta abarrekoak oraindik zabaldu ez diren parentesien artean sartu dira. Ildo horretan, fakultateko lehen kurtsoetatik, nolabait artearen munduan izatea erabaki dugunoi dudak agertzen zaizkigu gai honen inguruan: zer dakar mundu horren parte izateak? Nolabait, artista bilakatzen gara horretarako prozesua ezagutu gabe, hots, egin behar dugun bidea ezagutu gabe. Hala ere, aldi berean, artearen munduko beste eragileei (galerien jabeak, museoak, prentsa, beste artistak, etab.) gure buruaren irudi zehatz bat proiektatu behar diegula irakasten zaigu. Egia da prestakuntza urteetan, norberaren lanari buruz ikasteaz gain, norberaren lana “saltzerakoan”, norberaren obraren publizitatea egiterakoan, etab. lagunduko omen duen ezagutza ere jasotzen duzula. Gainera, hori unibertsitatea amaitutakoan identifikatzen den zerbait da, ibilbide artistikoari ekiten diozunean, alegia. Beste artista batzuekin hitz egiterakoan, galerien jabeekin izandako elkarrizketetan, egoitzetan zein arte-zentroetan izandakoetan, ohiko gaia izaten da honako hau: norberaren buruaren publizitatea nola egin, nola azaleratu, nola ezagutarazi norberaren burua eta obra. Fenomeno horri buruz interesgarria dena da (eta orduan sartzen dut bigarren elementua) fenomenoa Sare Sozialak deituriko moda berriekin uztartzea. Gure identitatearen aspektu berri eta teknologiko horretan biziki interesgarriak diren zenbait mugimendu gertatzen dira orokorrean (hirugarrengoei eta ezezagunei norberaren intimitatea agertzea, norberaren irudiaren kudeaketa, baieztapen propioen naturaltasuna edo artifizialtasuna), eta arestion aipatutakoarekin gurutzatzean daukaten interesa biderkatu egiten da. Galdera honakoa da: sare sozialen birtualitatean zer irudi proiektatzen dute artistek, galerien jabeek, museoetako zuzendariek, arte kritikariek eta abarrek? Eta zer irudi proiektatu lezakete hilda dauden eta teknologia berriekin bizi izan ez ziren artistek?

Hori irudiztatzeko sortu dut Sare Sozialak proiektua. Proiektuak pieza piktorikoak biltzen ditu, eta bertan artisten, galerien jabeen, museoetako zuzendarien, arte kritikarien eta nire inguruko beste gizarte eragileen sare sozialetako egoerak irudikatzen ditut, hots, haiek Facebook, Twitter, Youtube eta abarretan jarritako esaldiak, ideiak, argazkiak, bideoak.

Rekalde Aretoko erakusketarako, hainbeste interesatzen zaidan Yves Klein artistaren figura oinarri hartu dut. Duchamp edo Picassoren antzera, Yves Kleinen bizitzak eta obrak bat egin zuten. Askotan artista bat mirestearen admirazioaren zergatia haren biografiari lotuta dago. Hortaz, Yves Kleinen parte biografiko erdi-erreal bat aurkeztu dut, existitzen ez diren haren bizitzako pantaila-argazkiak sortu ditut, teknologia berriekin eta sare sozialekin bizi izan balitz bezala. Era horretan, esanahiaren plano berean errealitatea eta fikzioa bat egiten saiatzen naiz.

Ana Riaño

ARTISTA

Ana Riaño (Bilbo, 1985) Bilbon bizi da, eta bertan egiten du lan. 2008an UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatean lizentziatu zen, eta zenbait tailer egin ditu, besteak beste Manu Arreguirekin, Dora Salazarrekin, Begoña Zuberorekin edo Imanol Marrodanekin.


Bilbon baita ere, 2011n bekadun-egoiliar izan da Bilbao Arte Fundazioan. Aurten Pariseko Cité Internationale des Arts-en bizi izan da, eta bertan erakusketak egin ditu. Zenbaitetan haren obrek aipamena eta aitortza izan dute: Pintura, Eskultura eta Arte Digitaleko Bancaja Nazioarteko Saria eta Ertibil Bizkaia. 2014an Bizkaiko Foru Aldundiko produkzio beka jaso zuen, eta urte berean Errioxako Wurth Museoko Estudio 120 m delakoan finalista izan zen, baita Veneziako Arte Laguna Nazioarteko Sarian ere. Gainera, Madrileko Blanca Soto galeriako Aquí y Ahora-n aukeratu zuten. 2015ean Plasenciako (Cáceres) Obra Abierta, Extremadurako Kutxak antolatutako 2015eko Arte Plastikoen Nazioarteko Sarian finalista izan zen, baita Alacanteko Unibertsitateko Museoko Muliers Mulieris deialdian ere. Madrileko New Galleryko La New Fair erakusketan parte hartzeko ere aukeratu dute. Aurten 30. BMW Pintura Sarian ere aukeratu dute.



Irudiak