Bizkaiko Foru Aldundia - Diputación Foral de Bizkaia

Erakusketak

Aurrekoak

Miriam Isasi

Lanzamiento de moneda

2016ko urtarrilaren 12tik martxoaren 06ra

Rekalde Aretoak, Miriam Isasi (Vitoria-Gasteiz, 1981) artistaren erakusketa aurkezten digu Kabinete Abstraktuan, barriek 2016 programaren barruan. Programa horren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak sorkuntza artistikorako ematen dituen bekak jaso dituzten artisten lanak ematen dira ezagutzera.

Instintuen, zori arrazionalaren, eta itsutasun iragankorraren triada.
Ausazkotasun gorabeheratsua.


Triangelua, hiru alderdi, hiru erpin, hiru puntu, plano berberean lotuak. Piramidea, plano desberdinetan elkarri lotutako puntuak, hierarkia; grabitateak presioa jartzen du oinarrian; goi-erpinak zapaldu egiten ditu berari eusten dioten puntuak. Gizarte-hierarkia; presioa, idulkiaren gainean. Arteak idulkia jarri zuen zalantzan, joan den mendeko 60-70eko hamarkadetan; beharbada, erreferentzia egiten zion gizartea aldatzeko gogoari, edo, beharbada, hori geroago egiten den irakurketa bat da, pertsonala...

Itsutasun iragankorrak harraparia lasaiarazten du. Bakea sorra da, itsutasunaren ostean; oihalak, berriz, instintua gordetzen du. Gizakiaren arrazoia eta animaliaren instintua, aurrez aurre.

Mintz niktitanteari edo hirugarren betazalari esker, belatzak abiadura handian egin dezake hegaz, begiak zabaldu behar izan barik, eta, beraz, inolako trabarik igarri gabe. Estalkiak ez dio ikusten uzten, eta hegaztia geldiarazten du. Gizakiak bere adimenaren botere hierarkikoa erabiltzen du horrela, edo, hobeto esanda, bere botere arrazionala, hegazti harrapariarekiko. Libre denean, belatza alertan da denbora guztian; ez du atsedenik hartzen. Bere begirada lehorrari esker, denbora guztian ikus dezake.

‘Aristotelesek, Peri psukhès testuan (421b), desberdindu egiten ditu gizona eta begi gogor eta lehorrak dituzten animaliak (tôn sklerophtalmôn), betazalik ez dutenak (ta blephara); elitro edo mintz tegumentario (phragma) antzeko horrek begia babesten die, eta, aldian-aldian, barruko pentsamenduaren edo ametsen ilunpean daude, horri esker. Beldurgarria da begi gogorreko eta begirada lehorreko animaliak beti-beti ikusi ahal izatea.’ Jacques Derrida (Cómo no hablar y otros textos. Proyecto A, Bartzelona, 1997)

Belatz handia hegaztirik bizkorrena da; usoak ez du zer eginik; usoak bere bizia salba dezake, bere trebetasunari esker soilik, edo, beharbada, harrapariak egindako akatsari esker.

Hor ezagunagoa da Horus izen helenizatuarekin. Zibilizazio egiptoarra sortu zuen Hor jainkoak; “garaia” izenarekin ezaguna zen, eta zuzenean lotzen zuten horrekin. Faraoia da, munduan agertzen denean.

Usoa, Bibliak adierazten duen bezala, Noeren eskuetara heldu zen mokoan olibondo-adar bat zuela, Noek ikus zezan lurra berriro ere bizitzeko moduan zegoela, uholdearen ostean.

Uso mezulariak metodorik fidagarriena eta ustelgaitzena izan dira historiako une garrantzitsuetan. Ezinbesteko komunikabideak izan ziren Julio Zesarrekin hasi eta II. Mundu Gerrara arte; metodo analogikoak izan ziren, eta irrati-akatsek ez bezala, ez zuten hutsik egiten. Garai hartan, naziei otu zitzaien belatzak erabiltzea, eta horrela informazioa eskuratzen zuten; areago, batzuetan, komunikazioa eteten zuten, edo aldatzen zuten.

Isasik esaten duenez, lan horrek bilatzen du ‘harraparitza definitzea onartzen den gizarte-egitura bezala’. Irautea baino zerbait gehiago, harrapatze- edo harraparitza-kontzeptuak berarekin dakar lapurreta bortitza, suntsitu egiten duena, edo abusu ekonomiko bat dakar berarekin, ondasun publikoak bidegabe erabiliz, eta herritarrak pobretzea da horren ondorio zuzena. Horri erantzuteko, klase-borroka dugu.

‘Klase-borroka historiaren motorra da’ Karl Marx

Marxismoari zuzenean lotzen zaio; esaldi ezagunaren bidez, motorraren argia da, eta oztopoa ere bada, berau argitzeko. Erakutsi egiten digu. gizarte-borroken bidez eraikitzen dela gizartea. Kontrakoek elkarri aurre egiten diete (ez beti era bortitzean), eta, horri esker, eskubideak lortzen dira. Marxek burgesia eta proletariotza banatzen zituen; Isasik, berriz, belatza eta usoa. Marxen arabera, klase-borrokaren amaiera etorriko da klaseek existitzeari uzten diotenean, baina arrazoibide horri eutsiz gero, klase-borroka desagertzen bada, gizartea ere desagertuko da?

Zori-jokoak izena eman dio lanari, batak zein besteak irabaz dezakeela iradokiz. Mexikon, adierazpen horren ordaina da hau: ‘arranoa ala eguzkia?’. Hasiera eta amaiera; peso mexikarrean, argi kontra daude arranoaren eta eguzkiaren irudiak, txanpona gora botatzen denean.

‘Odola lodiagoa da ura baino’ goiburupean, belatz-txanoa duen andre batek errauts-kutxak suntsitzen ditu, eta hori lotuta dago harraparitzaren kontrako borroka horrekin, hiltzearen kontrako borroka horrekin, bizidun bati bizia kentzeko hierarkia-ekintza ezerezteko. AEBetan sarri erabiltzen dute adierazpen hori (Blood is thicker than water), odol-loturez berba egiten dutenean; nahiz eta odol-loturak apurtezinak ez diren, gogorrak dira, nylonen antzean.

Artelan gehienak bezala, artistak bizi izandako muturreko bizipen batetik sortu da artelana. Doluaren aurkako borroka bat dugu hori, ikus-entzunezko katarsi bat, itsutasunaren, ezintasunaren eta beldurraren aurka. Atzetik datorkigun sentimendu unibertsal handi bat.

‘Ez ginateke doluarekin zaletu behar, baina egin behar da, hala ere. Dolua guri gustatu gabe egin behar da, dolurik badago: guri gustatzea, baina ez norberaren negar-tantaren bidez, bestearen negar-tantaren bidez baizik; bestearen, lagunaren, bizidunaren, garenaren negar-tanta da negar-tanta bakoitza, bizia dugula gogorarazten diguna'. Jacques Derrida

Leyre Goikoetxea Martínez