Bizkaiko Foru Aldundia - Diputación Foral de Bizkaia

Erakusketak

Aurrekoak

Laurita Siles

"helARTE es morirse de frío"

2015eko otsailaren 17tik martxoaren 22ra

Rekalde Aretoak Laurita Siles-en (Málaga, 1981), "helARTE es morirse de frío" erakusketa aurkezten du, Bizkaiko Foru Aldundiaren sorkuntza artistikorako bekak eskuratu dituzten artistak azaltzeko xedez abiarazitako barriek 2015 programaren barruan.

Erakusketan aurkezten diren lanak hiru toki desberdinetan kokatutako ikus-entzunezko proiektu batean daude sartuta: Bizkaian, bertan bizi bainaiz; Marbellan, nire sorterria delako, eta, azkenik, Islandian, egoitza artistikoa Gullkistan-en izan bainuen, Laugarvatn izeneko herri txikian dagoen sorkuntzako etxaldean. Helburu bera izan nuen hiru tokietan: bideo dokumental batzuk egitea, 19 pertsonari –artista, komisario eta kultura-arloko kudeatzaileei– egindako elkarrizketak oinarritzat hartuta. Dokumentu horietako bakoitzean, "helARTE es morirse de frio" esaerari buruzko ikerketak agertzen dira, leku bakoitzeko baliabide kulturalak, sozialak, klimatologikoak, fisikoak eta bestelakoak erabilita. Amaierako lanak 9 kapitulu ditu guztira, eta hilero eman da argitara Interneten, 2013ko urria eta 2014ko ekaina bitartean (www.helarteesmorirsedefrio.blogspot.com).

Elkarrizketa horiek eginez, gozamen handia izan dut, eta asko aberastu naiz, ezagutza, zirkulu eta kontaktu berriekin. Gainera, atsegin handia izan da Inés Bermejo, Fredi Paia, Ainhoa Ortells, Mikeldi Pérez Urquijo eta Izaro González Ieregiri elkarrizketak egin ahal izatea, Getxon (Bizkaia) artisten harrobi bat sortzeko dagoen beharraz. Elkarrizketak izan eta handik gutxira, Garrobi sortu da ondorioz (www.garrobi.com).

Erakusketa hau egiteko gonbidapena jaso ondoren, beste bideo bat filmatzea erabaki nuen, berariaz asmatutako eta kapitulu horietako guztietako harraldiak aukeratuz osatutako bideo bat. Ikerketa-lana umorez eta ironiaz beterik egon da, ez du inolako ondoriorik atera nahi, eta ate berriak uzten ditu zabalik, sorkuntzako barne azterketa, ikerketa eta bidaia egiteko. Filmaren amaierak argi frogatzen du hori, Mutur Beltz izeneko proiektu berriaren hasiera iragartzen baitu. Mutur beltzeko Karrantzako ardiak dira proiektu berri horren protagonistak, eta 2015eko uztailetik aurrera garatuko dut, Bilbaoarte Fundazioak emandako bekari esker.

Islandiako “Neyðin kennir naktri konu að spinna” esaera aurkitu nuen, euskaraz zera esan nahi duena: “Beharrak erakusten dio emakume biluziari iruten”. Orduan, hotza eta artilea irutea lotu ziren, hilabete batzuez buruan bueltaka nerabilen ideia. Islandiara iritsi nintzenean, zentzu betea hartu zuen denak. Ustekabe ederra hartu nuen, estudioan goru bat eta aldameneko landetxean artalde bat zain nituela ikustean.Horiek horrela, egokia iruditu zait erakusketa honetan marrazki, zirriborro eta artilezko piezen aukeraketa bat ikusgai jartzea. Otsailaren 19an, 18:00etatik aurrera, parte hartzeko ekintza bat egingo dut haiekin in situ, Joseba Edesarekin batera (bizikide, hezitzaile eta ekintzailearekin), Lurra iruten izenburupean. Orain arte izan dudan ibilbide artistikoa indartu, eta lan eta bizipen horiek guztiak irungo ditut bi hitz hauen artean: FOLKLORE NOMADA.

                                                                                                                                                                                         Laurita Siles

ARTISTA www.folklorenomada.com

Laurita Siles (Málaga 1981). Ekoizpen plastiko nora gabea landu du, diziplinarik gabekoa. Arreta berezia jarri dio beti herri-folkloreko hizkuntzari. Beharbada, prestakuntza nomada izan zuelako Arte Ederretan, Valentzia, Islandia, Vancouver, Kanada eta Euskal Herriko arte-eskolen eta fakultateen artean. Gero, hainbat beka eta egoitza artistiko eskuratu ditu: Arteleku, Donostia/San Sebastián; Leonardo Da Vinci Beka, Bordeleko animazio tradizionaleko Marlouflims ekoiztetxean egina, Frantzia; MA Studio, Beijing, Txina; The Banff Centre, Banff, Kanada; Gullkistan, residency for creative people, Laugarvatn, Islandia.

24 aldiz etxez aldatu ondoren, gaur egun Enkarterri eta Uribe Kosta artean bizi da eta lan egiten du (Bizkaia), eta doktoregoko ikerlana amaitzen ari da UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatean, Eusko Jaurlaritzak ikertzaileak prestatzeko emandako laguntza bati esker. La utilización del Folklore como búsqueda de identidad en la creación artística de la era global. Desde una perspectiva diferencial entre los casos vasco y andaluz en obra de carácter sonoro da izenburua, eta Josu Rekalde eta Iñaki Martínez de Albeniz doktoreak ari dira zuzentzen.

Era guztietako jarduerak egin ditu, banaka zein taldeka –Komando Triniko kide gisa–, betiere, praktika eta ikerketa artistikoa abiaburutzat hartuta, hala estatuan nola atzerrian: erakusketak, ekintzak, proiekzio bisualak, hitzaldiak eta abar.



Irudiak
  • Laurita Siles
    Laurita Siles
  • Laurita Siles
    Laurita Siles
  • Laurita Siles
    Laurita Siles
  • Laurita Siles
    Laurita Siles
  • Laurita Siles
    Laurita Siles