Bizkaiko Foru Aldundia - Diputación Foral de Bizkaia

Raúl Domínguez 2014
Raúl Domínguez 2014

Erakusketak

Aurrekoak

Raúl Domínguez

2014ko azaroaren 25etik 2015eko urtarrilaren 11ra

Rekalde Aretoak Raúl Domínguez (Barakaldo, 1984) artistaren erakusketa aurkezten du. Erakusketa horretan 2013an eta 2014an egindako lanen aukeraketa ikusi ahal izango dugu.

Bere marrazkietan, Raúlek anitz baliabide tekniko eta zenbait erregistro erabiltzen ditu irudiak taxutze aldera; teknikari dagokionez, marrak, orbanak eta narrioak pilatzen ditu, paisaiaren aztarna eta formen eta marraztearen egitatearen arteko lotura ezarriz. Zenbait aldiz figurazioaren atalasean kokatzen delarik, haren irudiak, azkenean, plano berean urruti eta hur dagoena islatzen duen ehundura bilakatzen dira. Obrak zuzenean aurkezten dira hormaren gainean, sarritan markorik gabe, marrazkiaren errealitate materiala atzitze aldera.

Ideia edo gogo-aldarte zehatz batek gidaturik, artistak nora ezean abiatzen du prozesua, eta horren emaitza ez dator beti bat hasierako ideiarekin. Inguruko espazioa ikertzean eta ibilaldi mentala egitean, formatu txikiko lehen marrazkiak sortzen dira, xehetasun hutsalak edota paisaien eta eremuen zati ñimiñoak jasotzen dituzten oharren gisa… eta artxibatu egiten ditu, espazio horiexetan egiten dituen argazkiak bezala. Horiekin guztiekin, formatu handiagoko marrazki bat eratzen du azkenik, eta horrek marraztu aurreko ekintza guztien esperientzia islatzen eta laburbiltzen du bere baitan.

Raúl Domínguezen marrazki hauek ekialdeko halako kutsu bat dute. Berak azaltzen du hurbil dagoela Txinako pintura klasikoko marrazketaren ikuspegitik, marraren batasunaren esku uzten baitu marrazkiaren eta kolorearen, ilun-argiaren eta bolumenaren arteko gatazka konpontzeko lana. Era berean, inguruneaz eta bere osagai ugariez egiten duen ikerketak eta bizipen horren ardatz gisa hartutako ibilaldiak, nolabait ere, Japoniako haikuen tradizioarekin uztartzen dute.

José Díaz Cuyás-en hitzetan, “Raúlek orube hutsetatik, zerbitzuguneetatik edota trafikoaren hondar-guneetatik egindako ibilaldiak islatzen dituzte bere marrazkiek. Hor, natura eta materia zaborretik hurbil-hurbil goratu ahal dira. Raúlen zirriborroak orientazioko plano soilak dira, mapak. Baina ez zentzu modernoan, bidaiariaren ekintza ezabaturik duen horretan, garai bateko mapa zaharren zentzuan baizik, haietan tokia ibilbide gisa baizik ezin baitzen ulertu: hemendik hara “cementorro”, “lluvias”, “vómito”, “autopista”. Marrazki bakoitza gonbidapen bat da bere ibilbideari jarraitzeko, eta paisaia zeharkatzeko gorputz-ekintzak antolatzen du segida, tokiak ondo-ondoan jartzen ditu planoaren gainean".

ARTISTOA

Raúl Domínguez (Barakaldo, 1984) Arte Ederretan lizentziaduna da UPV/EHUtik. Marrazketa da bere praktika artistikoaren ardatza, baina, naturan eta ingurumenean espezializatutako irudigile gisa, hainbat argitalpen zientifikorekin aritu da lankidetzan, ingurumen- eta arte-hezkuntzako proiektuetan hartu du parte, ikastaroak eta tailerrak eman ditu –adibidez, Dibujo Radikal, Rosa Parmarekin batera, Bilboko Puerta Espazioan (2014)– eta informazioko-taulak irudiztatu ditu.

Hainbat beka eskuratu ditu, bestak beste, Bizkaiko Foru Aldundiaren Arte Bisualetarako Beka (2014) eta Eusko Jaurlaritzaren Sorkuntza Artistikorako Beka (2012).

Bere azken erakusketen artean, talde-erakusketa hauek nabarmentzen dira: Re-Ilustrazioa, Ángela Palaciosekin, Cristina Enea Fundazioan, Donostia-San Sebastián, eta First Thought Best, Artiumen, Vitoria-Gasteizen, Eremuak programaren barruan, biak 2014an. Aurten jarri du bakarkako lehen erakusketa Bilboko Carreras Mugica galerian.

Irudigile gisa, El día de la rana roja haurrentzako liburua argitaratu du (a fortiori arg., Bilbo, 2005), eta Lalavandera argitaratze-proiektua sortu du Elena Aizkoarekin batera (2013) eta marrazki-liburu bat argitaratu du bertan. Horrez gain, Pablo Marte artistaren “pretty woman” argitaratze-proiektuan hartu du parte, Pretty woman liburuarekin (Consonni arg., Bilbo, 2014).



Irudiak
  • Raúl Domínguez, 2014
    Raúl Domínguez, 2014
  • Raúl Domínguez 2014
    Raúl Domínguez 2014
  • Raúl Domínguez 2014
    Raúl Domínguez 2014
  • Raúl Domínguez 2014
    Raúl Domínguez 2014
  • Raúl Domínguez 2014
    Raúl Domínguez 2014
  • Raúl Domínguez 2014
    Raúl Domínguez 2014
  • Raúl Domínguez 2014
    Raúl Domínguez 2014
  • Raúl Domínguez 2014
    Raúl Domínguez 2014
  • Raúl Domínguez 2014
    Raúl Domínguez 2014
  • Raúl Domínguez 2014
    Raúl Domínguez 2014