Bizkaiko Foru Aldundia - Diputación Foral de Bizkaia

Erakusketak

Aurrekoak

Taxio Ardanaz

Egurre

2014ko martxoaren 04tik apirilaren 13ra

Rekalde Aretoak Taxio Ardanazenen (Iruñea, 1978) erakusketa aurkezten du, Bizkaiko Foru Aldundiaren sorkuntza artistikorako bekak eskuratu dituzten artisten lanak azaltzeko xedez abiarazitako barriek 2014 programaren barruan.

Ideia iraultzaile guztiek jarduteko eta irudikatzeko kode batzuk dakartzate berekin, erresistentziaren estetika bat. Kode horiek aztertuz, Taxio Ardanazek sakon ikertzen du bere lan artistikoan zein modutan jokatzen duen ideologiekiko eta borrokarekiko fedeak motor gisa, eraldaketa soziala eta politikoa lortzeko.

Fede iraultzaileak duen indarrak erakarrita, Taxiok hainbat urte eman ditu proiektu bat lantzen, muturreko indarkeria dagoen aldietan eta gatazketan –adibidez, Espainiako gerra zibilean– sortzen diren irudikapen sinbolikoak aztertzeko. Pertsonaia edo gertaera jakin bat denboran iraunarazi eta gogoratzeko altxatutako era guztietako monumentuak eta memorialak hartzen ditu ardatz gisa. Artxiboetan ikertzen du, monumentuei eta monumentuak altxatuta dauden lekuei argazkiak egiten dizkie, filmatzen ditu, lekukotasunak biltzen ditu…

Monumentu batzuk sekretu bilakatzen dira, irauteko borondatearen aztarna ia sumaezin; esate baterako, Nazioarteko XV. Brigadari eskainitako monolitoa, Tarragonako Pàndols mendilerroko toki bakartu batean dagoena. Hango historiako gatazkarik odoltsuenetako bat izandako tokian altxatzen da, eta memoria errepublikanoak zutik dituen aztarna bakanetako bat dugu.

Beste monumentu batzuk loriaren hotsandiz inguratzen dira, borroka bat irabazteko eta horren alde bizitza eman zutenen aldeko omenaldi ofiziala dira. Horrelakoa da Mexiko hirian dagoen Iraultza Mexikarrari egindako Monumentua –artista bertaraino joan zen monumentua aztertzeko–, botere garailearen auraz betetako eraikina, hiriko bilbearen leku esanguratsu batean kokatuta dagoena.

Harreman horien inguruan eratu da Egurre erakusketa. Bertan, artistak irudikatutako objektuarekin duen inplikazio pertsonal eta emozionaletik abiatuta, material hori guztia eguneratzen eta eraldatzen da, ingurune piktoriko edo eskultorikora eramateko. Zatikatutako kontakizunak dira; haietan, forma eta kolorearen bidez sumatzen dira erresistentzia eta borrokako istorio horiek berez dituzten tentsioak, eta balio berriak sortzen dira, ikerketa eta sorkuntza artistiko garaikidetik abiatuta.

Hala ere, barruan bildu nahi dituen esparru politikotik harantz doaz obrak hauek. Ez dute laguntzarik eman nahi lehen aipatutako monumentuen ulermena errazteko; era berean, ez dute hausnarketa nostalgikorik piztu nahi monumentu horiek sorrarazi zituzten arrazoi moralei eta intelektualei buruz.  Arrazoi horiek ez dira desagertu. Aitzitik, etengabe ari dira egokitzen, uztartzen eta birsortzen errealitatearen aurrean, zorionez, iragandako denbora oro bezala, ustez hobea izan zen une hartakoa ez den errealitate baten aurrean. Orainaldia eta gure egungo egoera zalantzan jartzea dira lan honen oinarriak. Taxiok ozen aldarrikatzen du arteak gaur egungo asalduzko une politikoari aurre egiteko duen indarra.

ARTISTA

 Taxio Ardanaz Bilbon bizi da eta bertan lan egiten du. Arte Ederretako lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatetik, eta hainbat tailer eta ikastarorekin osatu du bere prestakuntza: Andrés Duque (BilbaoArte, 2013) eta Victor Ericerekin (Arteleku, 2006) zinemagileekin, Peio Aguirre (Arteleku, 2013), Mariana Botey eta Cuauhtémoc Medina (UNAM, 2011) arte-kritikariekin, eta Andoni Euba (BilbaoArte, 2007) eta Miroslaw Balka (Fundacion Botin, 2007) artistekin, besteak beste.Azken urteetan, egoitza-beka hauek eskuratu ditu: BilbaoArte (2013), Mexiko Hiriko Arte Bulegoa (2012) eta Beijingeko MA Studio (2009).

Banakako erakusketa hauek jarri ditu: Mexiko Hirian, V, Ateneo Español de México (2012), ¡A pesar de todo, pelea!, AN Studio (2011); Madrilen, Luz Perpetua, Galería Raquel Ponce (2013), Forlorn Hope, RMS El Espacio (2011); eta Iruñean, Resignados, Pabellón de Mixtos de la Ciudadela (2008). Taldeko erakusketen artean, honetan izandako parte-hartzea nabarmentzen da: Entornos Próximos 2008, Artium, Vitoria-Gasteiz.

Sorkuntza artistikorako bekak eta hainbat onespen jaso ditu, adibidez, Iruñeko Artista Gazteen lehen saria (1999) eta Nafarroako Biltzarren bigarren saria (2007). Horrez gain, Ertibil 2008 erakusketa ibiltarian eta Pollençako Arte Plastikoen Nazioarteko Lehiaketan (2010) egon da, besteak beste.



Irudiak
  • Egurre. Taxio Ardanaz, 2014
    Egurre. Taxio Ardanaz, 2014
  • Egurre. Taxio Ardanaz, 2014
    Egurre. Taxio Ardanaz, 2014
  • Egurre. Taxio Ardanaz, 2014
    Egurre. Taxio Ardanaz, 2014
  • Egurre. Taxio Ardanaz, 2014
    Egurre. Taxio Ardanaz, 2014
  • Egurre. Taxio Ardanaz, 2014
    Egurre. Taxio Ardanaz, 2014
  • Egurre. Taxio Ardanaz, 2014
    Egurre. Taxio Ardanaz, 2014
  • Egurre. Taxio Ardanaz, 2014
    Egurre. Taxio Ardanaz, 2014
  • Egurre. Taxio Ardanaz, 2014
    Egurre. Taxio Ardanaz, 2014