Bizkaiko Foru Aldundia - Diputación Foral de Bizkaia

Erakusketak

Aurrekoak

June Crespo

AMATISTA

2013ko urtarrilaren 15etik otsailaren 24ra

Rekalde Aretoak June Cresporen (Iruñea, 1982) erakusketa aurkezten du, Bizkaiko Foru Aldundiaren sorkuntza artistikorako bekak eskuratu dituzten artisten lanak azaltzeko xedez abiarazitako barriek programaren barruan.

Artista Bilbon bizi da, bertan lan egiten du, eta bertan egin ditu Arte Ederretako ikasketak. AMATISTA izenaren pean, eskulturen sail bat aurkezten digu. Eskulturak eskaiolaz, altzairuzko ziriz eta material grafikoz eginda daude, eta zutabe edo egitura gisa oinarritzen dira, giza eskalarekin erkatuta.

June Crespok modu esperimentalean lantzen du irudiaren erreprodukzioa, eta arte grafikoaren eta eskultura-instalazioen esparruan erabiltzen du. Ikuspegi zabaletik heltzen dio eskulturari, eta sortzen dituen objektuak assemblage, collage eta kamerarik gabeko argazkigintzaren bazterretan daude (eskanerrak, fotokopiak eta fotogramak).

Prozedura hori bide erdian dago object trouvé surrealistaren eta bricoleur estiloaren logikaren artean, eta, hala, bildutako materialekin egindako afekziozko-elkartzezko keinu bat izaten da bere eskulturen eta irudien abiaburua. Elkartze eta antolaera iragankorren poetika bat jartzen du abian, eta une batean onartzen du objektuak elkartzeak edo barreiatzeak eragina edo identifikazioa sorrarazten duela.

Sartuta dauden ekoizpen eta kontsumoko sistematik ateratzen ditu objektuak eta irudiak; eta elkartzeko dituzten aukerak eta esanahi berriak sortzeko dituzten gaitasunak baliatzen ditu. Hor, inprimatutako materialen eta bildumatutako objektuen berezitasuna beste era bateko harremanetan sartzen da, eta, horren ondorioz, hainbat era sortzen dira materialak urruntzeko, jabetzeko eta testuinguruan berriz kokatzeko.

Artista

June Crespo (Iruñea, 1982) Bilbon bizi da, eta bertan lan egiten du. Arte Ederretan lizentziaduna da UPV/EHUtik; eta une honetan ikerketa bat egiten ari da unibertsitate horrexetan, Sormena ikerkuntza gisa izeneko doktoregoko programaren barruan. Hainbat ikastaro, tailer eta egoitzatan hartu du parte, besteak beste, Arteleku (Donostia-San Sebastián), Bilbao Arte eta Azala (Lasierra, Araba) zentroetan. Horietatik guztietatik, hauek nabarmendu behar ditugu: Lupa e Imán praktika artistikoari buruzko tailerra, 2005, Arteleku; eta Topo egoitza artistikoa, Azala eta Artium (Vitoria-Gasteiz) 2012, eta KUB Kunsthaus, Bregenz, (Austria) 2006.

Sormen artistikorako hainbat beka eta arte plastikoen arloko hainbat sari jaso ditu, hala nola hauek: Montehermoso kulturunearen Artea eta ikerkuntza (2010); Bizkaiko Foru Aldundiaren Arte plastikoetarako beka (2009-2010); Bilbao Arte Fundazioaren egoiliar-beka (2006); Iruñeko artista gazteen lehen saria (2005), eta Nafarroako artista gazteen biltzarraren lehen saria (2007).

Azken urteetan, taldeko erakusketa hauetan hartu du parte: Pop Politics: Activismos a 33 revoluciones, Centro de Arte 2 de Mayo, Móstoles (2012-2013); Mitya, El Polvorín de la Ciudadela, Iruñea (2012); Esta puerta pide clavo, Tatjana Pieters Gallery, Gante, Belgika; eta Antes que todo, Centro de Arte 2 de Mayo, Móstoles (2012); Entornos Próximos, Artium, Vitoria-Gasteiz; eta taldeko erakusketa bat, Galería Carreras-Múgica, Bilbo (2008).

2009. eta 2011. urteen artean, Escanografías (1/2 liburukia) eman du argitara, CO-OP argitaletxearekin; eta banakako erakusketa hauek jarri ditu: Amatista, Barriek programa, Rekalde Aretoa, Bilbo (2013); Reverso, Have a Window programa, Turin (2013); El rayo verde, Montehermoso kulturunea, Artea eta ikerkuntza programa, Vitoria-Gasteiz (2011); eta ST, Ariz Dorrea, Basauri (2010)



Irudiak
  • Amatista June Crespo 2013
    Amatista June Crespo 2013
  • Amatista June Crespo 2013
    Amatista June Crespo 2013
  • Amatista June Crespo 2013
    Amatista June Crespo 2013
  • Amatista June Crespo 2013
    Amatista June Crespo 2013
  • Amatista June Crespo 2013
    Amatista June Crespo 2013
  • Amatista June Crespo 2013
    Amatista June Crespo 2013
  • Amatista June Crespo 2013
    Amatista June Crespo 2013
  • Amatista June Crespo 2013
    Amatista June Crespo 2013
  • Amatista June Crespo 2013
    Amatista June Crespo 2013