Bizkaiko Foru Aldundia - Diputación Foral de Bizkaia

Erakusketak

Aurrekoak

Vexations

Zuhar Iruretagoiena

2012ko urtarrilaren 10etik otsailaren 12ra

Zuhar Iruretagoienaren "Vexations" proiektuaren aurkezpena. Proiektu hau, Hendaiako Domaine d'Abbadiako Nekatoenean egindako hiruhilabeteko egotaldian ekoiztu du artistak Rekalde 2011 Bekari esker eta CPIE Littoral Basque / Euskal Itsasbazterra eta Bilboko Institutu frantsesaren laguntzarekin.

ERAKUSKETA

Vexations izena du Zuhar Iruretagoienak Bilboko Rekalde Aretoko kabinetean aurkezten duen banakako erakusketak.

Proiektuak erakusketa modura moldatzen du ekintza atzeratu bat, eta argazkiak, eskulturak eta beste osagai batzuk jartzen ditu ikusgai, nolabait ere, beste garai eta toki batean gertatutako ekintza batetik isuritako osagaiak (Hendaiako suhiltzaileen garaje zaharrean grabatu zuen ekintza).

Horixe gertatzen da antzekoak diren praktika batzuekin, adibidez, performance eta happening-arekin. Izan ere, praktika horien formulazioa desberdina izan arren, toki eta une zehatz batean gertatzen dira, hau da, espazio eta denborazkoak dira, eta, beraz, iraupen gutxikoak dira. Esperientzia errepikaezinak dira, hala artistarentzat nola bertan dauden eta obraren gertakizuna zuzenean ikusten ari diren ikusleentzat, eta, beraz, kontraesan bera dute esperientziek. Bideoan eta beren ikuspegia eskaintzen duten beste profesional batzuek erabiltzen dituzten ikus-entzunezko beste euskarri batzuetan grabatzean, iruzur egiten diote performancearen izaera iragankorrari – hau da, desagertu ahala egiteari–, eta, hortaz, erregistro dokumental iraunkor bihurtzen dira.

Hala ere, Zuhar Iruretagoienak performancetik urrutiratzeko ahalegina egin du, ez baitzuen ikusleen aurrean ekintza antzeztu nahi. Aitzitik, ahalik eta erarik bizienean esperimentatu eta bizi nahi zuen leku itxi batean. Izan ere, gehien interesatzen zitzaiona zera zen: lau lankide aske uztea, batere jarraibiderik eman gabe, ekintza bideoan graba zezaten, argazkiak atera zitzaten, eta beren begiradak prozesu osoa dokumentatu zezan.

Sortu nahi izan duen proiektuan, eskultura, bideoa eta argazkia bateratzeaz gain, musikariekin aritu nahi izan du lankidetzan , estudioko bakardadetik ihes egiteko. Hala, Hendaiako suhiltzaileen garaje zaharra alokatzea erabaki zuen, eta hantxe sartu zen biolin-jole eta saxofoi-jole batekin. Horiek, arnesekin sabaitik zintzilikatu, eta partitura bat jotzen saiatu ziren, Zuharrek egitura metaliko baten kontra botatzen zituen bitartean. Ikerketa-prozesuan, Erik Satie musikagile frantsesaren Vexations [Laidoak] partitura aukeratu zuen, alde batetik, izenagatik, kontzeptu aldetik bat etortzen baitzen proiektuaren ideiarekin, eta, bestetik, musikariaren proposamenagatik, 840 aldiz segidan jotzeko proposamena egin baitzuen.

Musikariek zailtasun handiak zituzten egoera horretan jotzeko; horrez gain, artistak erabat galarazi zuen musikarik jo zezaten, ekintza indarren mugetaraino eramanda, eta musikarien interpretazioan txertatu zuen kolpeek, zaratak eta kontrolik ezak sorrarazitako indarkeria. Artistaren ustez, “kontua da nolabait irudikatu ahal izatea nahi duguna lortzeagatik jasan ahal ditugun laidoak eta tratu txarrak, nahi dugun hori izatea”.

Ekintza horren hondarrak baliatuz, Zuhar Iruretagoienak Vejaciones (Laidoak) erakusketa eraiki du. Alde batetik, esperientziako uneak jasotzen dituzten hogeita hamar argazki daude, eta, bestetik, bi eskultura ditugu, hain zuzen, musikariei egindako “laidoen” ondorioz mailatutako egituren kontramoldeak, eta ekintza gauzatzean interpretatutako musika disko-biragailu batean jasota.

Artistak honela azaltzen du: “Zehazki, laborategi gisa egituratuta dago, beste sortzaile batzuek (adibidez, Erik Satiek) egindako ikerketen eta tesien saiakuntza artistikoa lantzeko eta arte plastikoen mintzairara aldatzeko laborategi gisa; eta nik uste dut hor irakurketa berriak eta aberasgarriak sortu, ikasi eta esperimentatu ahal direla, zama eta konnotazio txarrak alde batera utzita, eta material ASKE gisa hartuta, inspirazio-iturri modura duen balio eskerga erabiltzeko”.

ARTISTA

ZUHAR IRURETAGOIENA (Zarautz, 1981) Bilbon bizi da, bertan lan egiten du eta bertan jaso du prestakuntza artistikoa. 2005. urtean lizentziatu zen, Leioako Arte Ederren Fakultatean (EHU), eta hurrengo urtean arte-esparruko ikasketekin jarraitu zuen Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean. 2008an, BilbaoArte Fundazioaren eta Austriako Bregenz hiriko Kunsthaus-en egoitza- eta tailerbekak jaso zituen.

Besteak beste, sari hauek jaso ditu bere lanekin: Generación 2008 lehen saria, ERTIBIL BIZKAIA 2009ko lehen saria Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailak antolatutako artista gazteen erakusketa ibiltarian, eta Gipuzkoako Artista Berrien Lehiaketa 2011ko 1. Saria.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak laguntza-beka eman dio 2010ean saiakuntza eta ikerkuntza plastikoan jardun dadin, eta Euskarako Errektoreordetzak beka eman dio doktoregoko tesia egin dezan.

Bere lanen banakako erakusketa hauek jarri ditu: Coreografías del esfuerzo / Ahaleginaren dantzak (2009), BilbaoArte Fundazioa, Bilbo; eta Kein titel zeitlos (2009), Monterhemoso Kulturunea, Gasteiz.



Irudiak
  • Zuhar Iruretagoiena, Vexations, 2012
    Zuhar Iruretagoiena, Vexations, 2012
  • Zuhar Iruretagoiena, Vexations, 2012
    Zuhar Iruretagoiena, Vexations, 2012
  • Zuhar Iruretagoiena, Vexations, 2012
    Zuhar Iruretagoiena, Vexations, 2012
  • Zuhar Iruretagoiena, Vexations, 2012
    Zuhar Iruretagoiena, Vexations, 2012
  • Zuhar Iruretagoiena, Vexations, 2012
    Zuhar Iruretagoiena, Vexations, 2012
  • Zuhar Iruretagoiena, Vexations, 2012
    Zuhar Iruretagoiena, Vexations, 2012
  • Zuhar Iruretagoiena, Vexations, 2012
    Zuhar Iruretagoiena, Vexations, 2012
  • Zuhar Iruretagoiena, Vexations, 2012
    Zuhar Iruretagoiena, Vexations, 2012