Bizkaiko Foru Aldundia - Diputación Foral de Bizkaia

John Gutmann
John Gutmann

Erakusketak

Aurrekoak

John Gutmann

2011ko urriaren 21etik 2012ko urtarrilaren 08ra

Komisarioa: Carlos Gollonet

Rekalde Aretoak John Gutmann argazkilariaren erakusketa aurkezten du.

Argazkilari horrek egindako lan garrantzitsuari buruz antolatu den lehenengo erakusketa da hau. Center for Creative Photography, Arizonako Unibertsitatea, Fundación MAPFRE-ren laguntzarekin antolatutako atzera begirako erakusketa.

Ehun argazki baino gehiago jarriko dira ikusgai Bilboko Rekalde Aretoan, XX. mendeko argazkigintza amerikarreko maisu handi baten lana azaltzeko, John Gutmannen lana (1905-1998).

Zalantzarik gabe, John Gutmannek artista modernoa irudikatzen du, eta, hautemateko duen gaitasun bereziari esker, begirada bakana eta abangoardiakoa eman dio argazkigintza garaikidearen historiari.

Erakusketa oinarrizko gai zehatz batzuen inguruan antolatuta dago, gai horiek ederki laburbiltzen baitute Gutmannek Estatu Batuetako bizimoduarekiko eta unerik adierazkorrena eta angelurik ezohikoena bilatzeko zuen interesa. Horretan datza, hain zuzen, bere lanaren originaltasuna.

Gutmannen argazkigintzako lanari buruzko atzera begirako lehenengo erakusketa da honako hau. Kamerarekin landu zituen munduak era askotakoak izan zirenez, erakusketa gaika antolatu dugu, interes askotariko horietara errazago hurbiltze aldera.

Deserrotutako ikuspegia izeneko atalean ikus dezakegunez, Gutmann, Estatu Batuetara iritsi zenean, kamera eskuan zuela atera zen kalera, hainbeste gustatzen zitzaion errealitatea atzeman nahian. Metropoli berri batekin topatzea atalean, Estatu Batuetako hiriek sortzen zioten lilura sumatuko dugu. Automobilia atala, berriz, auto amerikarraren kulturari buruzko azterketa bat da, Gutmannen ustez espiritu indibidualista amerikarraren erakusgarri bat baitzen autoa.

Gizarteko ertzek beti erakarri zuten Gutmann, eta, hala, Irudi amerikarrak atalean, hirietan edo landa-guneetan biltzen ziren era guztietako kulturen erretratua jaso zuen, betiere, bazterreko pertsonak arreta bereziz hartuta. Artistak omenaldia egiten die bakartiei, moldakaitzei, borrokalari asaldaezinei eta bizirik irauten dutenei, askatasunaren eredu gisa hartuta.

Paisaia amerikarrak atalean, arreta handiz jaso zituen lurraldeen eta herrietako arkitekturen artean zeuden eskualde-arloko desberdintasunak; helburu erabilgarriz diseinaturiko industria-egituren indarrak kontraste nabarmena sortzen du Iparramerikako topografia zehazten duten publizitateko iragarki berezien ondoan.

Gainera, John Gutmannek berezko gogaidetasuna sentitzen zuen beren gaitasunen eta adierazpen pertsonalaren goreneraino iristearren bizia arriskatzen zuten lagunekiko. Ildo horretan, Inauterietako espiritua atalean, hilezkor bihurtu zituen bere kamerarekin artista, atleta eta zirkuko pertsonaia gazteak, grabitate fisiko eta sozialari aurre egiten zioten unean bertan.

Azkenik, Gerra-seinaleak atalean, 1942. urtean Estatu Batuetako Indar Armatuetan izena eman ondoren –Asiako Gerrari buruzko Informazio Bulegoko kamerografo militar gisa eman ere–, egin zituen irudiak daude bilduta. Txina, Birmania eta Indiako paisaiak, arkitekturak eta herriak dira: landa-guneetan ureztatzeko eta landatzeko zituzten antzinako metodoak, eta, ondoan, gatazka armatuaren ageriko ondorioak, soldaduengan eta herrietako biztanleengan islatuta; hori etengabe erretratatu zuen gerra osoan.

JOHN GUTMANN (1905-1998) Breslau-n jaio zen (gaur egungo Wroclaw, Polonia). Artea ikasi zuen Breslau eta Berlin artean, eta Otto Mueller margolari espresionistaren ikasle aurreratua izan zen. Judu-alemanak ziren beste artista eta profesional asko bezala, Gutmannek Estatu Batuetara alde egin behar izan zuen, 1933an nazismoa boterera iritsi zenean. Aldaketa geografiko horrek jarduera berri baten hasiera eragin zuen, argazkigintza hartu baitzuen ardatz gisa. Kontratu bat lortu zuen Berlingo Presse-Photo agentziarekin –helmuga berri hartan egiten zituen argazkiak Europatik banatzeko–, eta, horri esker, bizimodua atera ahal izan zuen Beheraldi Handiko urte zailetan.

San Frantziskon kokatu zen, eta berehala liluratu zuten Iparramerikako gizartearen modernotasunak eta kosmopolitismoak. Berlingo espresionismoaren eredu modernoak barneratuta zituen, han hartu baitzuen prestakuntza; baina gai izan zen margolari gisa zuen sentikortasuna argazkigintzara eramateko, eta etengabeko jarioan zebilen errealitatearen bat-bateko argazkiak egiteko. John Gutmannen begirada europar batena da, beste judu-aleman batzuek bezala –Robert Frank-ek bezala– Estatu Batuetako bizitasunarekin bat egitea lortu zuen europar batena.

Bere irudiak erreportaje dokumentalen mugetatik harantz doaz, eguneroko bizitza jasotzen duten adierazpide guztiz harrigarriak eta bereziak baitira. Gutmanni ezohikoa iruditzen zaio bidera ateratzen zaion guztia, eta, hortaz, bere kamerarekin jasotzen du: autoak, iragarki-panel izugarriak, graffitiak, bazterreko pertsonak, gizarteko kaosa, aniztasun etnikoa edota paisaiak. Amerikaren sakoneraino autobusez egin zituen bidaietan aurkitu zuen guztia. Etengabe aldatzen ari den gizartearen kronika islatu nahi zuen Gutmannek, eta, hori dela-eta, argazkiak egitean, ihes egiten du naturaltasunik gabeko fintasun eta dotoretasunetik. Arte modernoarekin engaiatuta dagoen artista bat da, eta, beraz, mugimendua jaso nahi du, eta unerik adierazkorrena eta angelurik ezohikoena bilatzen du. Horretan datza, hain zuzen, bere argazkigintzako lanaren originaltasuna.

1998an San Frantziskon hil zenerako, sona handiko argazkilaria zen. Nor eta bera, hasieran argazkigintza baliabide ekonomiko huts bat bezala hartu zuena, bere burua beti margolaritzat hartu zuena, eta margogintzan aritzeari eta erakusketak egiteari sekula ere utzi ez ziona. Berrogeiko hamarkadatik aurrera, bere argazkiak Iparramerikako aldizkari garrantzitsuetan agertzen hasi ziren, adibidez, U.S Camera, Look, Life eta Saturday Evening Post izenekoetan. Hainbeste agertu ere, non 1973an, San Francisco State College-n irakasle-lana utzi eta erretiroa hartu ondoren, bere argazkigintzako ekoizpen osoko negatiboak sistematikoki bildumatzen eta sailkatzen hasi zenean, bizitzaren amaieran zegoela, bere lanari buruzko hainbat monografia argitaratu zirela ikusi ahal izan baitzuen. Bera hil ondoren, Arizonako Unibertsitateko Centre for Creative Photography zentrora eraman zuten Gutmannen argazki eta dokumentuen artxiboa, eta, era horretan, sakon aztertu ahal izan da bere ibilbide osoa.



Irudiak
  • John Gutmann
    John Gutmann
  • John Gutmann
    John Gutmann
  • John Gutmann
    John Gutmann
  • John Gutmann
    John Gutmann
  • John Gutmann
    John Gutmann
  • John Gutmann
    John Gutmann
  • John Gutmann
    John Gutmann
  • John Gutmann
    John Gutmann
  • John Gutmann
    John Gutmann
  • John Gutmann
    John Gutmann
  • John Gutmann
    John Gutmann
  • John Gutmann
    John Gutmann
  • John Gutmann
    John Gutmann
  • John Gutmann
    John Gutmann
  • John Gutmann
    John Gutmann
  • John Gutmann
    John Gutmann
  • John Gutmann
    John Gutmann
  • John Gutmann
    John Gutmann
  • John Gutmann
    John Gutmann
  • John Gutmann
    John Gutmann
  • John Gutmann
    John Gutmann
  • John Gutmann
    John Gutmann
  • John Gutmann
    John Gutmann
  • John Gutmann
    John Gutmann
  • John Gutmann
    John Gutmann
  • John Gutmann
    John Gutmann
  • John Gutmann
    John Gutmann