Bizkaiko Foru Aldundia - Diputación Foral de Bizkaia

Erakusketak

Aurrekoak

Ghost Box

Itziar Okariz

2008ko uztailaren 10etik irailaren 21era

Komisarioa: Leire Vergara

Ghost Box izenburupean, Itziar Okarizek rekalde aretorako bereziki egin duen instalazio berri bat aurkezten digu. Instalazioa eratzeko, artistak Killarney aintziretan egon zenean egin zituen hainbat ekintza hartu ditu oinarritzat, zehazki, ekintza horietan harrapatu zituen soinuak eta filmatzeak baliatu ditu. Killarney aintzirak Irlandako mendebaldean daude, Kerry konderriaren hegoaldean dagoen parke natural baten barruan. Toki horretako topografia guztiz berezia da, mendikate harritsu bat eta hiru aintzira baitaude: gune natural horretan sortzen diren oihartzunak mundu osoko oihartzunik apartenetakoak dira. Killarney aldeko oihartzunak ikaragarri sakonak eta gardenak dira, batez ere Eagle's Nest izeneko marmolezko horma izugarriak sorrarazten dituen oihartzunak.

Oihartzuna soinuaren islatze-prozesuarekin zerikusia duen gertaera bat da. Oihartzuna sortzen da soinu-uhina zuzen-zuzenean proiektatzen denean horma edo azalera islatzaile baten gainean. Soinu-fokuaren eta azalera horren artean dagoen distantziak ere eragina izaten du oihartzunaren hotsaren iraunkortasunean. Morfologia fisikoaren arabera, leku bakoitzak sonoritate berezia izaten du, eta horrek zuzeneko eragina izaten du gure zentzumenezko ahalmenean eta espazialtasuna ulertzeko dugun eran.

Irrintzi izeneko lanen sailean, Itziar Okarizek hainbat tokik dituzten bereizgarri akustikoak ikertzen ditu, eta, horretarako, bideoan grabatutako ekintzak edo performance-ak erabiltzen ditu. Artistak irrintzia hartzen du oinarritzat, hizkuntzaren mugetan dagoen komunikazio-sistema baten modura hartu ere; eta, hortik abiatuta, tradiziozko euskal oihu hori hainbat performance-tan erabiltzen du, gunean esperimentatzeko tresna akustiko gisa baliatuz. Harridurazko keinu hori, dirudienez, hasieran, oinarri-oinarrizko komunikabide bat izan zen, Euskal Herriko ibarretako biztanleek harremanetan jartzeko baliatzen zutena; geroxeago, poza eta asaldura adierazteko erabiltzen hasi zen egoera berezi batzuetan. Okarizen ekintzetan, keinuak dituen bi esanahi horiek daude agerian. Artistak oihu hori performance-etan erabiltzeko duen moduak bide berriak zabaltzen ditu oihua interpretatzeko, jatorrizko harreman kulturalaren testuingurutik ateratzen baitu eta erreferente berrien aurrean jartzen baitu. Horixe gertatzen da, esate baterako, Irrintzi. Repetition 90, 91, 92, 93, 94, 95, 96 izeneko lanean (2006). Hamaika minutuko iraupena duen laburpen horretan, artistak bere estudioan grabatu dituen proba batzuk agertzen dira, eta horietan artistak irrintziak entzuten eta botatzen ditu aldiro-aldiro. Ekintza horretan aurrez aurre jarrita daude irrintziaren irudi esentzialista eta haren errepikapen mekanikoa. Irrintzi, Repetition. Guggenheim Museum Bilbao izeneko lanean (2007), Okariz museoko hainbat aretoren barrena ibiltzen da, eta, bere ahotsaren bidez, areto bakoitzak duen aniztasun akustikoa jartzen du agerian. Lehenengo irrintziak duen materialtasuna eta ondoko oihartzunen bidez irrintzia nola ahultzen doan ikusita, argi azaltzen da tradizioaren eta modernotasunaren artean dagoen kontrastea. Beste performance bat 'Irrintzi Repetition. Bowery, New York (2008) izenekoa', Bowery eta Grand Street kaleen arteko izkinan egin zuen, eta, hor, artista irrintziak botatzen agertzen da, megafono baten laguntzaz. Kasu honetan, lanak dituen alderdirik interesgarrienak dira nortasun-forma desberdinen artean dagoen harremana, eta horiek hizkuntza-kode eta hizkuntza-sistema bereziekin duten lotura.

rekalde aretoan ikusgai jarri ditugu Itziar Okarizek Killarney aintzirako gune naturalean egin zituen performance-en sail berriaren emaitzak. Instalazioan, gune naturalean egindako performance-aren berreraikitze-lan zehatza egiteaz gain, Okariz harantzago joan da: ekintzaren eta ekintza erregistratzeko moduaren artean dauden tentsio guztiak metatzen ditu, eta agerian jartzen du irudikatzeko prozesu guztien baitan izaten den artifizialtasuna. Ghost Box lanean, argi erakusten du performance-aren behin-behinekotasun zehatza eta desagertzeko duen joera. Izan ere, bideo-, soinu-, argazki- edo testu-euskarriko dokumentazio guztiak desagertu den ekintzaren hondarra besterik ez dira. Instalazioa osatzen duten obrek ez dute inoiz era esplizituan azaltzen zer gertatu den. Oraingoan, ez dugu artistaren irudia aurrean, ekintza egiten ari den bitartean hartutako irudia. Aitzitik, bere ahotsa dugu aurrean, arte-ekintzak egin bitartean berez harrapatu dituen hotsak, edo ekintzak egin diren lekuetan hartu dituen irudi osagarriak; eta hots eta irudi horiexek ematen digute gertatu denaren berri, zati edo alde batean eta mamu-itxuran eman ere. Horrenbestez, Ghost Box instalazioa ekintza bilakatzen da, ariketa gisa diseinatu baita erakusketa-gune barruan, eta ariketa horrek agerian uzten baitu perfomance-a etengabe ari dela balio fenomenologikoa galtzen euskarri artistiko modura.

Itziar Okariz: bere obra

Azken urteotan Itziar Okarizek garatu duen jardute-ereduaren arabera, arte-ekintza nortasuna adierazteko erak erregulatzen eta arautzen ari direla agerian jartzeko modu bat da. Trepar edificios bezalako lanetan edo Mear en espacios públicos o privados izeneko sailean, modu berriak azaltzen ditu arte-ekintzaren bidez publikoa denaren eta pribatua denaren arteko harremana aldatzeko. Bere proposamen artistikoen aurrean esanahi bakarra eta orokortzailea sorrarazi beharrean, Okarizek lekualdatze kontzeptualak eta teorikoak sortu nahi dituzten estrategiak erabiltzen ditu; eta, ildo horretan, bere obran ekintza bakoitzaren berezitasuna eta espezifikotasuna ikertu nahi ditu, hain zuzen, ekintza bakoitzak duen saileko izaera horren bidez, alegia, ekintza zehatz berbera toki eta denbora-egoera desberdinetan errepikatuz. Okarizen ustez, ekintza artistikoak gertaera edo jazoera politiko bat sorrarazten du, ekintza artistikoa gune eta denbora jakin batean ikuslearekin egindako interpretaziozko negoziazio baten ondorioa delako. Keinu performatiboak duen simulazio-izaera eta keinu horrek errepikapenarekin 'sarritan, generoa arautzen edo zapaltzen duten arauen errepikapenarekin' duen zerikusi estua onartuta, Itziar Okarizek tresna sinboliko gisa erabiltzen du performance-a, gaur egungo nortasuna kontrolatzen duten boterearen bektoreak desegiteko.

Itziar Okariz: biografia laburra

Itziar Okariz 1965. urtean jaio zen Donostian (Gipuzkoan). New York-en bizi da, eta bertan lan egiten du. Ekintza artistiko asko eta bakarkako erakusketa ugari egin ditu, besteak beste, hauek: To Pee in Public and Private Spaces, Curating the Campus 2007 programaren barruan, Anberesko deSingel International Kunstcentrum zentroan (Belgika); Talent, Ume hiriko Vita Kuben-en (Suedia); Trepar edificios, Utrecht-eko De Neude plazan (Herbehereak); Galería Adhoc (Vigo), Made with USA Standard, Moisés Pérez de Albániz Galeria (Iruñea); eta Trepar edificios: estación RENFE Abando, BilbaoArte Fundazioa (Bilbo).

Berriki, hainbat talde-erakusketatan hartu du parte; hauek dira nabarmenenak: The Dead, The Absent, and Fictitious, Yerba Buena Center for the Arts zentroan (San Frantzisko, CAL); Be Marginal, Be a Hero, Thrust Projects Gallery-n (New York); La mirada iracunda / Haserrearen begirada, Montehermoso Kulturunean (Gasteiz); Chacun son got, Guggenheim Bilbao Museoan; Existencia, MUSAC museoan (Leon); Kiss Kiss Bang Bang, Bilboko Arte Eder Museoan; Climbing Buildings, Utrecht-eko De Neude plazan, If I Can't Dance, I Don't Want to Be Part of Your Revolution programaren barruan (Herbehereak); eta Primera Persona, CGAC zentroan (Santiago de Compostela).

Itziar Okariz. Ghost Box: katalogoa

rekalde aretoak egindako argitalpen batek artistaren banakako erakusketa honi buruzko informazioa biltzen du. Katalogoan, erakusketaren komisarioa den Leire Vergarak, Beatriz Preciado filosofoak eta Moritz Küng komisario independenteak idatzitako testuak jaso dira. Instalazio argazkiak Begoña Zuberok egin ditu. Katalogoa Albert Folch Studio-k diseinatu du.



Irudiak
  • Irrintzi. Repetition. Killarney, 2008<br />Argazkia
    Irrintzi. Repetition. Killarney, 2008
    Argazkia
  • Irrintzi. Repetition. Killarney, 2008<br />Argazkia
    Irrintzi. Repetition. Killarney, 2008
    Argazkia
  • Irrintzi. Repetition. Killarney, 2008<br />Argazkia
    Irrintzi. Repetition. Killarney, 2008
    Argazkia
  • Irrintzi. Repetition. Killarney, 2008<br />Argazkia
    Irrintzi. Repetition. Killarney, 2008
    Argazkia