Bizkaiko Foru Aldundia - Diputación Foral de Bizkaia

Erakusketak

Aurrekoak

Gure Artea 2008

Eusko Jaurlaritzaren Arte Plastikoetako sarien 20. edizioa

2008ko urriaren 09tik azaroaren 30era

Gure Artea Euskal Herriko ikusmen-arteen sari nagusia da. 1982. urtean jarri zuten abian, Eusko Jaurlaritzak sustatuta, eta, harrez gero, euskal inguruneko artea eta artistak bultzatu eta ezagutzera eman ditu.

1996. urtetik hona, sariaren deialdia bi urtetik behin egiten da. Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak izendatzen du epaimahaia, eta epaimahaikideen artean erakusketako komisarioa eta beste hiru kide egoten dira. Epaimahai horrek deialdi irekian aurkeztutako lanen aukeraketa egiten du. Aurten, Miren Jaio (arte-kritikaria) da sariketaren komisarioa, eta epaimahaikideak, berriz, honako hauek dira: Anna María Guasch (Universitat de Barcelona-n Arte Garaikidearen Historiako irakasle titularra), Pablo Lafuente (kritikaria eta "Afterall" aldizkariaren managing zuzendaria) eta Carla Zaccagnini (artista eta Sao Pauloko Kultura Zentroko komisarioa).

Sariketaren lehenbiziko urratsa "Gure Artea" talde-erakusketa da. 2008. urteko edizioan, erakusketak artista hauen lanak bilduko ditu: Lorea Alfaro, Atoma, Nadia Barkate, Inazio Escudero, Mikel Eskauriaza, Iñaki Imaz, Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum, Maider López, Asier Mendizabal, Kiko Pérez, Xabier Salaberria eta Manu Uranga. Urriaren 9an erakusketaren inaugurazioa egingo da rekalde aretoan, eta, aldi berean, ezagutzera emango dira saria jaso duten hiru artisten izenak.

2009. urtean, Eusko Jaurlaritzak erakusketa bat antolatuko du saria irabazten duten hiru artisten lanekin, eta Arabako Artium Museoan jarriko da ikusgai. Gero, Kultura Sailak Euskaditik kanpora eramango du, erakusketa ibiltari modura.