Bizkaiko Foru Aldundia - Diputación Foral de Bizkaia

Erakusketak

Aurrekoak

Begiratzen ikasi

Jennifer and Kevin McCoy

2004ko martxoaren 04tik apirilaren 18ra

Learning to Watch/Aprender a mirar/Begiratzen ikasi erakusketak azken lau urteotan Jennifer (1968) eta Kevin McCoy (1967) artista estatubatuarrek egindako zazpi lan bilduko ditu Bilboko rekalde aretoan. Artista hauen lana instalazio, bideo eta argazkiez osatuta dago eta irudiz beteta dagoen mundu honetan pertzepzioa irudikatzeko modu ezberdinak aurkezten ditu. Erakusketa, zehazki, gure memoria zinematografikoan barneratzen da; alegia, zinemagintzan irudiak nola sortzen diren aztertu ondoren, guk, ikusleok, horiek nola geureganatu, kontsumitu eta geure datu-basean barneratzen ditugun eta audientziarentzat erreferente komun nola bihurtzen ditugun aurkezten zaigu.

Soft Rains (2003) erakusketako lanik berriena da. Ray Bradburyren zientzia-fikziozko istorio labur baten izenburu bera duen lan honek eskala txikiko zazpi zinema agertoki ditu eta hauek kamara/robot txikien bidez argiztatu eta filmatzen dira. Kamara/Robot txiki hauek ordenagailu bati konektatuta daude eta honek jasotzen dituen irudi ezberdinak espazio osoa hartzen duen pantaila handi batean proiektatzen dira. Agertokiak oso ezberdinak dira euren artean; erabili diren zine eta musikak ere oso modu ezberdinean lotzen dute irudiek kontatzen dutena. Agertoki horiek begi-kolpez, objektu gisa, ikusi ondoren dugun irudiari ordenagailuak proiektatu, prozesatu eta editatzen duen beste hori kontrajartzen zaio, alegia, agertokian bertan kokatutako kamarek eskaintzen dituzten ikuspuntu ezberdinen ondorio den irudi hori. Soft Rains Liverpooleko FACT (Film, Art and Creative Technology) arteaz, zinemaz eta teknologia berriez arduratzen dena, Eyebeam eta New Yorkeko Creative Capital zentroek ekoiztu dute.

Horror Chase (2002) erakusketara sartu eta ikusten dugun lehen pieza da. Instalazio filmikoa da eta Sam Raimiren Evil Dead 2 filmeko eszena bat birsortzen du. Brooklyneko estudio txiki batean artistek jazarpen eszena bakar bat berregiten dute. Areto batean, instalazioko parte den ordenagailu batean kargatutako software programak eszena horrek proiektatzeko unean izango dituen abiadura eta ordena ausaz konbinatzen ditu.

The Kiss (2002) lana Lawrence Kasdanen Body Heat filmeko eszena batean oinarritzen da. Filman William Hurt eta Kathleen Turnerrek elkarri musu ematen diote; instalazio honetan, ordea, eszena gelditu egiten da. Une erromantiko hori betiereko bihurtzen da eta ordenagailu programa baten bidez behin eta berriro bizitzen dugu.

Erakusketan, gainera, Horror Chase agertokiari dagozkion zenbait argazki ere badaude, aretoaren sarreran ikus daitezkeen beste hiru lanekin batera: Learning from Las Vegas (2003), Every Shot Every Episode (2001) eta Every Anvil (2001). Lan hauetan, eszena multzoak dira nagusi; honela, Startsky and Hutch-en moduko telesaila kategorietan oinarritutako inbentarioa bihurtzen da, besteak beste, 'telesaileko garaje guztiak', 'motor guztiak', 'autoz egiten diren jazarpen guztiak' eta abar hartzen baitira kontuan.
_____________

Jennifer eta Kevin McCoyk 1990 urteaz geroztik egiten dute lan elkarrekin. Biak Brooklynen (New York) bizi dira eta Computer Graphics eta Teknologiako eskolak ematen dituzte NY City College-en eta Brooklyn College-en, hurrenez hurren.
_____________

Erakusketa Liverpoolen bizitzen eta lan egiten duen Cecilia Andersson komisario independente suediarrak antolatu du.