Bizkaiko Foru Aldundia - Diputación Foral de Bizkaia

Erakusketak

Aurrekoak

1,2,3...Abangoardiak

Artea, testuinguruko arte gisa
Zinema/artea esperimentuaren eta artxiboaren artean

2007ko abenduaren 20tik 2008ko martxoaren 30era

Komisarioak: Łukasz Ronduda, Florian Zeyfang eta Leire Vergara

1,2,3...Abangoardiak. Artea, testuinguruko arte gisa zinemagintzan eta artean 'eta bi alor horien arteko elkarrekintzan' izan den esperimentazioaren historia etengabea ikertzen duen erakusketa eta ikerketa-proiektuaren hirugarren aldia da.

1,2,3...Abangoardiak erakusketak hirurogeita hamarreko hamarkadan Polonian egon zen zinemagintza esperimentaleko ekoizpen-lan zabala hartzen du oinarritzat. Horrenbestez, gehienbat, aldi horretako artista poloniarrek ekoitzitako filmen aukeraketa bat eskaintzen du, baina, horrez gain, nazioarteko gaur egungo arte-proposamen batzuk ere erakusten ditu, zinemagintza esperimentalaren historia ulertzeko erronka handia diren proposamenak. Erakusketa sei ataletan dago egituratuta; hona hemen atalak: Analisi zinea. Jokoak eta parte-hartzea. Zine politikoa eta Soc Art (arte sozialista). Irudia eta hotsa. Irudimena. Kontsumoa. Multzo horretan, obrak asmo zehatz-zehatz batekin egituratu dira: estrategia esperimentalen erabilera forma eta kontzeptu aldetik ondo aztertu ahal izateko.

Bestalde, rekalde aretoak Artea, testuinguruko arte gisa izeneko erakustaldia jarri du, 1,2,3...Abangoardiak izeneko erakusketari beste ekarpen bat egite aldera. Erakustaldi horren abiaburua Jan Świdziński artista poloniarrak garatu dituen ideia batzuk dira. Izan ere, hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, artista poloniar horrek hainbat manifestu idatzi zituen eta obra batzuk ekoitzi zituen, betiere, gizarte- eta politika-testuinguru zehatz batean lan egiteak duen garrantziari buruz zituen ideia erradikalak oinarritzat hartuta. Artista honek, egin zuen proposamenaren ildoan, testuinguruko artea ekoitzi nahi zuen, unibertsalagoa zen arte kontzeptuala ekoitzi beharrean. Proposamen hori izugarri garrantzitsua izan zen hirurogeita hamarreko hamarkadako arte poloniarrarentzat. Erakustaldian, beraz, saiatuko gara behar bezala aztertzen zer-nolako ondorio politiko, estetiko eta teoriko dituen hirurogeita hamarreko hamarkadan jardunean zeuden artista poloniarrek zuten testuinguruan lan egiteak, eta, era berean, gaur egungo arte-ekoizpenean gai horri heltzeko dauden era desberdinak erakutsiko ditugu.

Hala, bada, hirurogeita hamarreko hamarkadako zinemagintza poloniarreko materialaren aukeraketa bat egin da, eta artista eta ekoizle batzuen lanak hautatu dira; hona hemen artistak eta ekoizleak:

Akademia Ruchu, Antosz & Andzia, Kasimierz Bendkowski, Bogdan Dziworksi, Marcin Giżycki, Janusz Haka, Oskar Hansen, Tadeusz Junak, Jacques de Koning, Grzegorz Królikiewicz, Zofia Kulik, Paweł Kwiek, Przemysław Kwiek, Natalia LL, Jolanta Marcolla, Ewa Partum, Andrzej Pawłowski, Zygmunt Piotrowski, Józef Robakowski, Zbigniew Rybczyński, Zygmunt Rytka, Jadwiga Singer, Zdzisław Sosnowski, Mieczysław Szczuka, Michał Tarkowski, Teresa Tyszkiewicz, Ryszard Waśko, Jan Stanisław Wojciechowski eta Krzysztof Zarębski.

Horrez gain, gaur egungo artista batzuen lanak ere aurkezten dira; honako hauek dira artistak:

Paweł Althamer/Artur Żmijewski, Bernadette Corporation, Matthew Buckingham, Discoteca Flaming Star, Jon Mikel Euba, Iñaki Garmendia, Judith Hopf/Katrin Pesch, Joaquim Jordi, Igor Krenz, Jonathan Monk, Jeroen de Rijke/Willem de Rooij, Wilhelm Sasnal, Sra. Polaroiska en Sillón de Taller eta Florian Zeyfang.