Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - DiputaciĆ³n Foral

Erakusketak

Egunekoak

Cristina Gutiérrez-Meurs

TRAPOS SUCIOS

2019ko urtarrilaren 08tik martxoaren 10era

Cristina Gutiérrez-Meurs artistak  irekitzen du barriek 2019 programa, non ikusgai izango diren Bizkaiko Foru Aldundiak sorkuntza artistikorako ematen dituen bekak jaso dituzten artista aukeratu batzuen lanak.

Era horretan, guregana itzultzen da 2005. urtean beka jaso zuen artista bat, ordutik hona proiektu oso pertsonal eta konprometitu batean jardun duena. Trapos sucios erakusketarekin Rekalde Aretoko erakusleihoan interbentzio artistikoa egiten du, eta genero-indarkeriaren biktima diren emakume batzuen izenak bordaturik dituzten gorbatak aurkezten dizkigu.

Zenbat min egiten du zigarro baten erredurak bularrean? Zenbat min egiten du erditu duzun seina ebasteak? Zenbat min egiten du auzoko batek erotuta zaudela esateak?  Zenbat min egiten du berak armairu baten barruan giltzaperatzeak? Zenbat min egiten du etxea erreko dizula esanez mehatxatzeak? Zenbat min egiten du zure ahotsa erabiltzearen beldur izateak? Zenbat min egiten du zurekin dagoenean hitzik ere ez esateak? Zenbat min egiten du gauez zangoak derrigorrez ireki beharra edukitzeak? Zenbat min egiten du klitoririk gabe bizitzeak? Zenbat min egiten du hilekoa daukazulako batuketarik egiten ez jakiteak? Zenbat min egiten du berak zure gorputza erakustea debekatzeak? Zenbat min egiten du emaztegai janzteak senargaia ezagutzen ez baduzu? Zenbat min egiten du berak irribarre egiteak oraintxe ikusiko duzu, urdanga esaten dizun bitartean? Zenbat min egiten du putetxearen infernua ezagutzeak? Zenbat min egiten du etxetik joateak eta kaleetatik zehar zuri segika egiteak? Zenbat min egiten du zure lagunarekin zinemara joan zarelako zigortzeak? Zenbat min egiten du lan bera egiteagatik gutxiago irabazteak? Zenbat min egiten du burura bota dizun kutxa saihesteak? Zenbat min egiten du zuen ume txikia leihotik behera botatzeak? Zenbat min egiten du ispiluaren aurrean jartzeak eta zeure aurpegia ez ezagutzeak? Zenbat min egiten du zure begietara mespretxua tu egiteak? Zenbat min egiten du zure azalean aizto batekin marrazteak? Zenbat min egiten du umeekin zer gertatuko den ez jakiteak, hasperenik egiten ez duzulako?

Eva no fue la primera. Cristina Gutiérrez-Meurs

Hasieratik hasiko naiz eta 2012ko udazkeneko ostegun bateko arratsalde batera arte itzuliko naiz. Postaria helduta egongo dela eta gutunen bila jaisten naiz. Igogailutik ateratzen naizenean postontzietako txartelak irakurtzen ari den emakume bat ikusten dut. Ile kizkurra dauka. Hitz egiten hasten gara, apur bat baino ez, eta gezi batek bezala zauritzen nauen galdera egiten dit. Badakizu eraikin honetan inoiz amatasun klinika bat egon den? Hari-zuntz ikusezina oinetan korapilatzen zaidala igartzen dut. Entera naiteke, esaten diot. Trukean bere telefono zenbakia duen paper bat ematen dit. Elkar agurtzen dugu. Egun batzuk igaro ondoren, hasten ari naizen bidaia emozionalaren eta profesionalaren jakitun izan gabe, deitu egiten diot. Nire aurrean mataza bat, bihurria eta oso iluna.

Lau urte beranduago, ikerkuntza prozesu deseroso baten ostean, nire lehen liburua argitaratu nuen, “Lo que no me quisiste contar” (2016). Espainian ebatsi dituzten seinei eta gure egun hauetara arte luzatzen den isiltasun konplizeari buruzko nobela itxurako entsegua. Eta, ia aldi berean, zilbor-hesteek eta kuxinen begiztek haurdunaldi faltsuak irudikatzen dituzten, negar egin eta isildu egiten diren instalazioa aurkezten dut. Jarraitu egingo dut.

Mende honetako eta aurreko mendeko artista, emakumea eta herritarra naiz. Goizetan agur esaten diot semeari, ama baten ahotsarekin, eta ispiluaren aurrean zortea izan dudala ohartzen naiz. Nolakoa izango litzateke nire bizitza jaiotzerakoan lapurtu bazenidaten? Esaten dute min gehien egiten duten lekuan joten dizutela. Eta, ondoren, bakarrik geratzen zara inguruak, hurbileko paisaiak, kirrinka egiten duelako sistemaz. Nahiko da begiak irekitzea eta arretaz entzutea, axioma makillatzen duten hitzak bahetik pasatuz. Emakumeen aurkako indarkeria emakume izate hutsagatik?

Behera begiratzen dut eta haria ikusgai bihurtu da. Marrazteko erabiltzen dudan lapitzaren minaren moduko beltza da. Berarekin orratza albainutzen dut eta komunikabideek abesten dituzten izenak brodatzen hasten naiz, indarkeria matxistak eraildako emakumeak. Hainbeste gorbata. Berrogeita hamar baino gehiago jasotzen ditut, haserretu egiten naiz nahiko ez direlako. Denak ez dira saski ofizialean kabitzen. Demagogia? Horrela izan arren berriak neoizko argia ematen du, nahiz eta erdizka argiztatu. Mila emakume hamabost urtetan? Kontuak ez daude ondo, hilero behin baino gehiagotan lutuz janzten den egutegia bezala, patroiak, gorbatak, errepikatu egiten direlako. Behin eta berriz.

ARTISTA

Cristina Gutiérrez Meurs (Madril, 1966). Arte Ederren ikasketak hasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV-EHU) eta bi urte beranduago Londresera joan zen, Kensington & Chelsea College-en, HNC in Fine Art & Printmaking lortu zuelarik 1999an. 2005ean Bizkaiko Foru Aldundiaren Arte Plastikoetako Beka lortu zuen. Bere ibilbidean zehar sari eta aipamen batzuk lortu ditu (Marrazketako Penagos, Gregorio Prieto eta Josep Amat, Grabatuaren arloko Urduñako Hiria) eta arte azoketan esku hartu du, adibidez eta beste batzuen artean, ARCO, Art Frankfurt edo FIG Bilbao. Bere obra bakarkako eta taldeko erakusketetan aurkeztu da eta bilduma batzuetan agertzen da. Ustekabean Espainiako seinen lapurreten tramako biktima batekin topo egin ondoren, bere lehen nobela idatzi zuen: Lo que no me quisiste contar (EC.O Ediciones Cívicas, 2016). Ordutik egunera arte hitzek gero eta protagonismo handiagoa lortu dute bere lanetan. Ardatz moduan emakumeen aurkako indarkeria duen lan bat argitaratu berri du: Eva no fue la primera (EC.O Ediciones Cívicas, 2018).

Ez da beti egia irudi batek mila hitz baino gehiago balio duela. Nik horiek behar izan ditut kontatu nahi nuena adierazteko. Azkenean, garrantzitsua dena, erabiltzen duzun erreminta horrek zure helmugara iristen laguntzea da”.